Puntuka

Iraultzak

'Matxinada' antzezlana egin zuten 2018an Azpeitian, 1766ko gertaera gogoan. (Alberto Beloki)

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k gaurko Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzia da honakoa.

Denbora laburrean gauzak nola aldatu diren esaten aritu ohi gara: nolakoa zen bizimodua haurrak ginenean, eta zein desberdina den orain. Iruditzen zaigu sekulako iraultza gertatu dela. Gogoratzen ditugu hozkailurik gabeko etxeak (jakiak freskeran), arropa-garbitzeko labaderoak, telefonoz hitz egiteko telefonotegira joan behar izaten zela, lokutoriora... Pilatzen zaizkigu oroitzapenak, eta barne-barnetik kanporatzen zaigu belaunaldi-oihu halako bat: lehen mende askotan izan ez ziren aldaketa sakonak ezagutu ditu gure belaunaldiak!

Eta ez da gezurra, izan dira mudantza franko. Hala eta guztiz, badirudi belaunaldi bakoitzak izan ohi duela gauzak ikaragarri aldatu diren sentitze hori, baina denborak bide luzea egin ondoren bakarrik esan daiteke noiz eta nola gertatu diren benetako iraultzak. Zenbaitetan, dena dela, ahaztu ere egiten zaizkigu gertatutakoak, eta komeni da gogoratzea. Esate baterako, 1766. urtean matxinada izan zela Gipuzkoan, jakien prezioa (gariaren eta beste aleena, batik bat) asko igo zelako, eta jauntxo edo merkatariek biltegietan zeuzkatenak saldu nahi ez zituztelako.

Azkoitian eta Azpeitian piztu zen sua. Han gertatutakoa jakin nahi baduzu, nik baino hobeto kontatuko dizu Iñigo Aranberrik Txantxon Garrote agertokitik jaitsi zen eguna liburuan. Baina erreparatu datari (1766); paristarrek 1789. urtean Bastillari eraso egin baino hogeita hiru urte lehenago. Belaunaldi hura iraultza egitearen ateetan zegoen, konturatu al ziren, ordea? Sumatu zuten sekulako aldaketa baten aurrean zeudela, ala goseak eta beharrak bultzatuta jokatu zuten?

Antzinako erregimenaren erorketaren hasiera zen, burgesiaren eta merkataritza "librearen" hastapena, nahiz eta oraindik luzean iraun frantsesek l’ancien régimen deitzen duten antolamendua. Neuk ezagutu dut Getariako San Prudentzio elizan hamarrenak jasotzeko kutxa erraldoia, eta Zarauzko herrian Narroseko markesak garia gordetzeko zuen biltegia. Nekazariak hamarrenak ordaindu behar zizkion Elizari (eta hasikin edo primiziak, gainera), eta nekazariak maizter bizi ziren baserri askotan (jauntxo bati errenta ordainduz), eta, ohituraz, errenta hori garitan ordaintzen zen. Nekazariak lan egin eta aleak nagusiaren gordailura joaten ziren, eta urte txarrak izanez gero, herriko jendeak gosea, eta jauntxoek gordetako alea garestiago saltzeko aukera. Hor, gutxi gorabehera, Gipuzkoako matxinadaren oinarria.

Azpeitian izandako istiluetan bi mila bat matxinatu izan omen ziren, alondegia (herriko gordailua) hustu, okindegi eta tabernetara joan eta gau osoa janean eta edanean pasatu zuten, tarteka jauntxo batzuen etxeetara sartu eta han ere janean zein txikiziotan ibili. Herrian zeuden ale-neurriak hautsi zituzten protesta gisa. Hori apirilaren 14ean izan zen. Hurrengo egunean plazan bildu, herriko ordezkariak ekarrarazi eta aldarrikapenak egin zituzten, kapitulazioak deitutakoak: gari-anegaren prezioa 26 erreal baino gehiago ez, artoarena 16, hamarren eta hasikinen ordainketa erregulatu, jauntxoei ordaindu beharreko gari-errenta hobeto antolatu… Erregimen zaharreko mekanismoak herriaren indarrez aldatzea helburu. Benetako iraultza.

Azkoiti-Azpeitian piztutakoa berehala zabaldu zen gainerako herrietara. Honela aitortzen du Ignacio Eznal garaiko Zarauzko alkate eta epaileak: "El día diez y ocho de abril de ese año (1766), llegó a dha Villa, a cossa delas diez de la mañana un tropel de gentes de la Universidad de Aya y sus cercanias, armados con escopettas, y palos...".

Herrian indarrean sartu zirela, agintean Francisco de Madariaga kapitaina zutela, zeinek esan baitzion alkateari uzteko aginte-makila, hartzeko bandera (matxinoena?) eta ordara jotzeko kanpaiak (tocar a revvatto) jende guztia biltzeko eta herritarren aurrean irakurtzeko Kapitaluzioak (Azpeitian idatzi eta onartutakoak). Ekarrarazi zituzten alearen salmentarako erabiltzen ziren ale-neurriak eta denak txikitu zituzten. Gero, miaketak alea egon zitekeen edonon, eta abertentzia: gari-anega 26 errealetan eta artoarena 16an. Ogia eta ardoa eskatu zuten ondoren, eta baita eman ere ("en efectto se les franqueo hasta cientto y sesenta arrovas de vino chacolin, y algunos diez fanegas de Trigo en Pan...").

Alkateak eta herritarrak saiatu ziren matxinatuak erretira zitezen beren etxeetara, baina, bitartean, frantziskotarretako apaiz bati kapa kendu, eta apaiz hori sasira bota nahian aritu zen Aiako Andres zapata-konpontzaile bat. Ia gehienak erretiratu eta bakea etorri zela uste zutenean, konturatu ziren Narros markesaren etxean sartu zirela zenbait, eta han zebiltzala zer aurkitu. Joan ziren haien bila eta gonbidatu zituzten herriko taberna batera nahi adina jan eta edan zezaten (...todo el vino que querian, y darles algun dinero, pan y vacallao...), bakean utzirik jauntxoaren etxea. Hala ere, ezin denak sosegatu, eta batzuek preso pasatu zuten gaua. Matxino nabarmenen artean, dio alkateak bere deklarazioan, Balthasar de Olaizola zarauztarra, Manuel Aranberri Urdanetakoa, eta Aiako beste bat zeuden. Ondoren etorri zen errepresioa Jose Ignacio Perez de Isava kapitainaren eskutik: atxiloketak, Bizkaira edo Frantziara ihes egindakoen ondasunen bahitzea…

Kontuak kontu, txakolinak, ogiak eta bakailaoak baretu zuten iraultza Zarautzen…

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide