Zer moduz doa manifestazioen prestaketa? Dena lotuta?
Azken zertzeladak ematen ari garen azpiegitura mailazko kontuez gain, dena kontrolpean. Pozik herri askotan bizirik egon delako harriak mugitu beharraren kontzeptua.
Azken asteetan dinamikak egin dituzue. Zer espero duzue biharko?
Badakigu jendartean oso errotua dagoela auzi hau konpondu beharra dagoela. Urgentziazkoa da presoen giza eskubideak errespetatzea. Baina praktikan nola islatu eta artikulatu horren alde dauden sentsibilitate ugariak? Hori bisualizatu behar dugu. Nola egin parte eta eroso senti gaitezen aldarrikapen horrekin bat egiten dugun guztiak? Zentzu horretan tresnak eskaintzen ditugu Saretik.
Une honetan mugitu harriak ideiarekin sakabanatuta dagoen jendartea batzen saiatzen ari gara. Gehiengo hori kualitatibo eta kuantitatiboki islatuko da? Nik uste baietz. Ez dut uste historikoa izango denik, gehiegitan erabili izan dugulako eta hitzak galdu duelako duen indarra, baina bai bizi beharreko zerbait izango dela. Gure aurreko belaunaldiek azaldu izan digute Lemoizen aurkako mobilizazioekin egin zutena. Nik gako horretan animatzen dut jendea parte hartzera, “ni parte izan nintzen” esango diegulako seme-alaba eta ilobei, presoen eskubide urraketekin amaitzeko eta etxeratzeko bidean. Lehen eta gero bat markatuko du biharkoak.
Nola ari zarete lanean?
Herriz herri ari gara, eta emaitzak pixkana azaleratzen ari dira, nahiz eta gaia lehertu gabe dagoen oraindik. Gorpuztuz doa. Biharkoan ere potentzial handiko jendea batzen doa, ikusi besterik ez dago pankarta nork eramango duten eta aurretik ere zer jende ibili den hitzaldiak eta beste ematen, Ibarretxe lehendakaria bat aipatzearren. Sarek oso espektro zabala ordezkatzen du, eta esperientziatik esan dezaket, ni aurrez ere Amnistiaren Aldeko Batzordeetan eta Askatasunako kide izateagatik espetxean egona bainaiz, horrelako potentziala duen tresnarik ez dugula sekula izan euskal presoen auzia behin betikoz konponbidean jartzeko. Hori sinestu behar dugu. Jende ezberdina batzeko tresna den heinean, bakoitzaren matizak alboan utzi eta batzen gaituen horretan baliogarri delako.
Sentsibilitate ezberdinak biltzeko saiakera asko nabarmentzen duzue...
Ez da egun batetik bestera fruituak ematen dituen lana, esfortzu handia da. Harreman asko sakondu beharrekoa. Gu ez gara joaten produktu bat saltzera, esanez, “hau dago, presoen egoera hau da, batzen zara?”. Ez. Ikustarazten saiatzen gara gaiak duen garrantzia, interes orokorretik begiratuta. Herri honek orrialde bat bizi izan du, itxi gabe dago eta itxi beharra dago. Denoi interesatzen zaigu eta horregatik nabarmentzen dut bakoitzak bere matizekin biziko duela, baina badago oinarri komun bat. Hori ikustarazten saiatzen gara. Niri egokitu zait herriko PSE, EAJ eta EAko kideekin egotea. Eta somatu izan dut guk uste baino baldintza hobeetan edo aurreratuago dagoela gizarte zibila, siglen gainetik. Baina bultza egin behar da hori, nolabait sentituarazi behar da denon konpromisoa behar dela. Hondar ale bakoitzak egiten du hondartza. Bisibilizatzen hasita dago babes zabal hori.
Gainontzeko aurreiritziak, ikuspegi zaharkituak eta abar, bakoitzak geureak izango ditugu. Bakoitza bere bidetik dator, baina batzen gaituen horretan zentratu behar dugula uste dut.
Zeintzuk dira Sareren lehentasunak?
Salbuespena arau izatearekin amaitu beharra dago. “Ingenieritza juridikoa” eta guzti aipatu izan dute lotsagabeki presoen gaia trabatzeko. Salbuespen legediak desaktibatu behar dira, giza eskubideen alde gaude. Preso gaixoen kaleratzeak urgentzia du, isolamendu egoerarekin amaitzeak ere bai, bizi osoko kartzela zigorrekin amaitu behar dugu eta sakabanaketarekin ere bai. 16 hildako utzi baititu besteren artean senitartekoen artean. Odoluste bat da ekonomikoki, psikikoki eta fisikoki. Hori ikusarazi behar dugu.
Nola ikusten duzue animoa preso eta iheslarien senideetan?
Urte askotako zama da. Orohar, beraiek erantzun behar lukete, baina gu saiatzen gara animo hori bizirik mantentzen. Gizarte zibilak hartu behar du lekukoa eta guri dagokigu azken unean ez dadin nolabait krudelkeria horren orri berririk idatzi. Jendea aktibo dagoela erakusteak ilusioa berpizten du. Eta ilusioaren potentzialitatea handia eta senideei hori kutsatu nahi diegu.
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Argia.eus webgunean.