Ni, eta ondoren? Ni

Erabiltzailearen aurpegia Sara Rodriguez 2022ko mai. 19a, 15:32

Sara Rodriguezek apirileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Ni, eta ondoren? Ni'.

Nire arazoak nireak dira. Nahiko lan dut nire bizitza aurrera ateratzen. Egunerokoak ito egiten nau, eta horrek ez dit uzten albokoari begiratzen. Lana, ikasketak, egoera pertsonalak... errutina. Horrekin guztiarekin, nahiko lan dut ondo egoten.

Jendeak ez du horrelakorik esaten, baina modu horretakoa dugu bizi garen gizartea. Aldiz, "pertsona onegia zara", "ez sartu horretan, ez da zure kontua" eta "zuk zure buruarekin pentsatu behar duzu" gisako esanak askotan entzun ohi ditugu.

Azken urteetan, auto-zaintzaren eta ongizate pertsonalaren inguruko mezuak guztiz popularizatu dira. Norberak bere burua zaindu eta maitatu behar duen lelopean, harremanak indartzeko eta borrokarako beharrezkoa den ardura afektiboa alboratu egin dugu jada.

Orain, pertsonen arteko harremanak sare sozialetan eraikitzen dira, Tinderretik ligatzen da eta norbaitentzat pertsona garrantzitsua izan arren, bat-batean bomba de humo bat egin eta desagertzea zilegi da. Albokoa gaizki dagoela ikusi eta entzungorrarena egitea, berriz, ohikoena da. Besteen arazoak besteenak dira; nik ditudanak, nireak.

 

Harremanak indartzeko eta borrokarako beharrezkoa den ardura afektiboa alboratu dugu

 

Horrekin guztiarekin zerikusi gutxi du niretzat norberak bere burua zaintzeak eta bakoitzak bere burua maitatzeak. Bizitza ezintzen digun sistema kapitalista honetan, indibidualismoa sustatzea baino zer dago hoberik? Modu horretan, ezinegona nagusi duen gizarteak bere buruan zentratzen pasatu dezake libre duen denbora apur hori, besteekin pentsatu eta arduratu gabe. Gainera, boteredunek etekin ekonomikoak betikotu, eta aldi berean, langileriaren sumisioa eta etsaitasuna lortu ditzakete. Ba ote dago negozio borobilagorik?

Orain, hilabetearen bukaerara ezin iritsita baldin bazaude, familia batentzako jana lortzea zure ardura baldin bada, eta horrek estresatu egin bazaitu eta mentalki kalte larriak eragiten badizkizu, lasai egon. Auto-zaintza eta kudeaketa dira zure bidea. Mindfulness ikastaro batera edo bakartze espiritual batera joan zaitezke, eta horien prezioa ordaindu ezin baduzu ere, sinets ezazu; merezi du.

Eta horrela, laguntasuna eta elkartasuna alboratu egiten ditugu. Zure arazoak nireak ere badirela ahazten dugu, gizartearen %99a beste %1aren antzezlanaren txontxongilo izatera kondenatuz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide