Egoistak eta lehorrak

Erabiltzailearen aurpegia Angel Rocha 2016ko eka. 15a, 12:26

Egoistak gara. Geurea baino ez dugu ikusten; gertukoena axola zaigu soilik. Etxe aurreko espaloi zatia inporta zaigu, haren gainean edo ertzean dagoen postea eta farola, ikastolarako bidean egunero ikusten dugun jarlekua, egunero lanerako bidean igarotzen dugun errepide zatia… Haratago ikusteko gaitasuna galdu dugu, edo, hobeto esanda, ez zaigu interesatzen gehiago ikustea; horrela, eroso eta kezka gutxiagorekin bizi gara.

Munduaren ikuspegiarekin ere berdin gertatzen zaigu. Siriako edo urrutiko herrialdeetako hildakoak bigarren mailan ditugu; pentsatzen dugu sarraskiak ari direla gertatzen, baina ez dugu sakontzen informazioan eta saminean. Ez dira gertukoak, ez dira gureak. Hango gerretatik ihesi datozenak ere urruti nahi ditugu, badaezpada ere. Hori bai, Parisen edo Bruselan gertatzen direnean hildakoak sutu egiten gara, eta segundoero informatuta egoteko beharra izaten dugu. Sarraskia gertatu eta ordu gutxira bandoa ateratzeko beharra sortzen zaigu, eta Facebooken zabaltzen dugu lau haizeetara, eta atsegin dut ematen diogu lo lasaiago egin dezagun. Horiek gure etxe aurreko espaloia edo postea bezala dira; gure hildakoak dira.


Iruditzen zait gogoeta hau bizitzako eta eguneroko hainbat esparrutan aplika dezakegula. Gertukoenean, erosotasunean marra egin dugu, eta hortxe ibiltzen gara gustura.


Tamaina honetara iritsita euskaraz hain jatorra den gure esamoldea bera ere kolokan dago. Jada ez baita gure etxea, nire etxea bihurtu da. Gainera, gure-nire joko horretan gauza kuriosoa ari da gertatzen; eskubide eta betebeharrekin dauka zerikusia. Izan ere, munduko eskubide guztien jabe gara: gure eskubideak dira. Betebeharren atalera pasatzen garenean, ordea, bakoitzaren erantzukizunik ez da, nire betebeharrik ez da. Nire hori difuminatu egiten dugu, eta kasu honetan gure izan dadin nahi izaten dugu. Kuriosoa da dena nireagotzen ari garen egoera horretan zer ederki erabiltzen dugun kasu bakar horretan gure hori.


Eta etorkizunaz hitz egitea ere gustatzen zaigu, gazteen baloreez hitz egiteko aurpegia dugu. Ez dakitela antolatzen, oso berekoiak direla, beste ikastetxeetakoekin harremanak izateko zailtasunak dituztela… Eta zer nahi dugu ba! Hori da zuzenean erakusten ari gatzaizkiena, egunero, komeni zaigulako.


Hori guztia gutxi ez, eta, gainera, lehorrak gara. Larunbat arratsaldez haurrak apain-apain jantzi, eta kalera ateratzen ditugu danborra jo dezaten. Guraso, lagun eta hainbat herritar karriketan pilatzen gara espektakulua ikusteko. Pieza artean, danbor hotsak amaitu, eta isiltasun triste bat nagusitzen da herriko enparantzan. Isiltasun horren baitan, entzuten dira txalo solte batzuk herritar jator batzuen eskutik. Haurrek ez dakite nora begiratu, has dadila doinu berri bat! Dena ez dugu galdu. Esperantza izpia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide