Euskaldunon estatusaren ikuspegi okerrak zuzentzen

Erabiltzailearen aurpegia Pako Sudupe 2023ko api. 28a, 00:00

Aspaldi honetan euskaldunon estatusari buruz irakurri dudan elkarrizketa interesgarriena da Larrun-en 283. zenbakian, Asier Basurtok eta Lander Arbelaitzek Iñaki Iurrebaso soziologoari egindakoa. Bide batez esanda, epaimahaiak Bikain cum laude kalifikatu du Iurrebasoren tesia.

1970 ingurura arte ordezkapen-aroa zeharkatu ondotik —Espainiako II. Errepublikaldiko pizkundea salbuetsi behar, hein batean—, hogeita bost bat urtez, indarberritze-aroa bizi izan genuen (1971-1996) eta handik hona, geldotzearen aroan gaude. Nago euskaldun kontziente gehienon pertzepzioarekin bat egiten duela!

Iritzi publikoan gailen dugun ikuspegia da gaitasunean pixkanaka gora goazela baina erabileran geldotuta edo atzeraka goazela; betiere euskararen gaitasunari doakionez. Soziologo honek bestela jokatu du: euskaraz nork dakien eta nork ez begiratu ordez, hobetsi du beste ikuspegi hau: nor moldatzen da euskaraz hobeto, nor gaztelaniaz/frantsesez hobeto, eta nor bietan antzera. Eta, ikuspegi hori gidari, hiztunak gaitasunaren arabera zazpi multzotan sailkatu ditu, eta horrela ondorioztatu du gorago aipatu dugun ikuspegi nagusi hori, hots, gaitasunean aurrera eta erabileran geldirik edo atzera goazelakoa ikuspegi okerra dela.

Zazpi multzo horietako datuen gainean gogoeta eginik —mutur batean daude euskaldun elebakarrak (%1); bestean, erdaldunak (%63,9); eta tartean, euskaldunen bost multzo oso heterogeneoak—, azaleratzen da gure ahulgune nagusia gaitasunean dagoela, hots, gaitasunik ezean, elebidun askoren gaitasun kaxkarrean, eta ez erabileran, orain arteko mantra kontserbadoreak —kontserbadorea, hizkuntza-politika berrien premia ukatzen duelako, azken buruan— esan izan digun bezala. Erabileran bai badugu arazoa, noski, baina arrazoia gehiago da euskaraz gutxik eta gutxi dakitela, egin nahi ez izatea baino, zeren bai baitaude erdaraz hobeto egin arren euskaraz ahalegintzen direnak euskaldun sentitzen direlako.

Datuak laburtu eta hiztunen sailkapena hiru multzotara ekarrita: euskaraz hobeto moldatzen diren 195.000 hiztun (%7); bi hizkuntzetan antzera moldatzen direnak, 222.000 (%8); eta beste guztiak, 2.230.000, erdaraz hobeto moldatzen dira (%85), nahiz eta horietako hainbatek euskaraz ere jakin. Azpimarratzen du Iurrebasok desoreka ikaragarria dela, zeren euskaraz errazago moldatzen diren (ia) guztiek beste hizkuntza badakite, baina erdaraz errazago egiten duten hiztun gehienek ez dakite maila horretan euskaraz.

Euskaraz egin nahi dugunok Euskal Herrian, benetan, zenbatetan egin dezakegu euskaraz? Harreman sareen osaera azterturik, Iurrebasok kalkulatu du gaur egun elkarrizketen %82 inguru derrigorrez erdaraz direla, herritar gehienek erdaraz bakarrik dakitelako. Erabilera datua, beraz, ezin da %18 baino goragokoa izan. Kalkuluak egiteko erabilitako iturri bera erabiliz, ikusten omen da euskararen erabilera %15 inguruan dagoela, askoz gertuago maximo posibletik minimo posibletik baino.

Lehen ondorioa garbia da: euskararen gaitasunean, %7ko hori eta %8ko hori handitu ezean, erabileran, %10-15 inguruan ibiliko gara, egun gabiltzan bezala.

Instituzioei eta alderdi politikoei dagokiena eskatzeaz gainera, hizkuntza-politika berriak eta hobeak eta larritasunezko kontzientzia berria, zer egin dezakegu euskaraz bizi nahi dugunok? Nahitaez, komunitate sentimendua behar dugu. Eta bizi garen gizarte indibidualista kontsumistan ez da erraza, baina beharrezkoa dugu.

Euskaldunon iraunkortasunean pentsatzen jarrita, juduak etortzen zaizkit gogora. Ez egungo israeldar militarizatuak, baizik eta erromatarrek beren tenplu nagusia eta hiri santua sarraskitu ondotik, sakabanatuak izaki, judu kontzientziari eutsi zioten juduen komunitateak. Eta Joxe Azurmendiren «Juduaren ispiluan euskaldun bat ikusten da».

Jakina den bezala, Nafarroa Garaiaren erdialdean eta Erriberan; Gasteizen, eta Balmasedan, eta Espainiako errege katolikoen aginduz kanporatu ondotik, Baionan, Euskal Herrian judutegi mordoxka izan dugu. Nafarroan bakarrik 50 bat, Erdi Aroan, eta Baionan gaurdaino. Nafarroako erregeek babesten zituzten —bereziki Karlos III.a nobleak— eta 1328ko Lizarrako pogrom famatua kenduta —sei mila hildako alajaina, Menahem Ben Zerah-k (1308-1385) bere larruan bizi eta kontatu bezala: Lizarran, Andosilla, Viana, Funes, Gares eta San Adrianen—, gure artean bizi izan ziren hobeto edo okerrago XV. mende amaieran kanporatu zituzten arte.

Zerk kohesionatzen zituen? Dudarik gabe erlijioak. Klase sozial aldetik, baziren gortean aberastutako diru-mailegatzaile bankariak, baina baziren, halaber, zurginak, larru-prestatzaileak eta merkatari txikiak ere. Eta hizkuntzak? Bi mila urteko historia alde batera, XX. mendean, oro har, Europan bizi ziren estatuko hizkuntzan mintzatzen ziren —intelektual judu asko gutxien judu eta alemanenak izan dira, kasu, Marx!—, eta onenean liturgian bakarrik erabiltzen zuten hebreera garbi eta sakratua. Beraz, historian, erabat harturik, esan liteke erlijioa gehiago atxiki zutela hizkuntza baino. Estatua sortzean, ordea, guztiz erdigunean jarri zuten hebreera, eta denok dakigu nola berpiztu duten.

Guk bezala, juduek ere estatu nazional modernoarekin izan dute talkarik gogorrena. Estatu nazional modernoak legearen aurrean denok berdinak garela aldarrikatzen du. Baina denok berdinak bagara, ezin gara desberdinak izan. Eta Espainian espainola izan beharra dago eta espainolez mintza, eta Frantzian frantsesa, eta frantsesez mintza! Eta asimilatzen gaituzte eta asimilatuak gauzkate. Juduak salbatuak dira egun, Israelgo estatua sorturik eta hebreerari leku hauta eskainirik, besteak beste. Egunen batean politikoki burujabeak izan ote gaitezke eta euskara erdigunean jarri ote dezakegu? %15eko hori handitu gabe, eta komunitate kontzientzia eta praktikarik gabe, euskaldun gisa iraunkortasunik nekez izan dezakegu!

Osorik irakurri

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide