Hika hitz egiteko erak –toka eta noka alegia–, alde batera, galbidean dagoen espezie baten trazak ageri ditu. Ekialdeko euskalkietako zutanoaren antzera, gero eta gutxiago erabiltzen da euskaraz aski natural mintzatzen den herri eta herrixketan; eta handik kanpo ez da entzuten eta, jakina, ez da transmititzen.
Euskaldunok, bai, nahi baduzue, baditugu aurretiagoko kezkak, euskararen beraren erabilera orokor apala, eta halaber, erabileraren kalitate sarri askotan hala moduzkoa, bi nagusiak aipatze aldera, baina kontxo, lagunarteko giro berezian, mendez mende mamitu eta helarazi zaigun jardun bat –ez bakarrik lagunartean erabiltzekoa–, hain egokia lagunarte-hizkera berezi eta adierazkorrak modu naturalean lantzeko, tristea da galbidean ikustea, eta, zorionez, banaka batzuk hitanoa suspertu nahi txalogarrian dabiltzan honetan, merezi du mugimendu osasungarri honen aitzakian gaiaz gogoetatzea.
Bi ezaugarri nagusi ditu nik ezagutzen dudan hitanoak: ahozko jardunari lotua da gehienbat, eta eskualdekoa da. Bere orain arteko ingurune naturala ahozkoa izan bada ere, idatziz ere berdintsu erabil liteke, ahozkoan bezala, konfiantza giroan, lagun edo ezagunekin, eta pertsona bati zuzendurik bereziki; eta, usa liteke egun erabiltzen den baino gehiago, antzerkian, ikus-entzunezkoetan, telebistan eta sare sozialetan; telebistan eta sare sozialetan ere bai, eta esan beharrik ez dago gaur egun telebistak eta sare sozialek zer-nolako hedadura eta indarra duten.
Eta irakaskuntzan? Tartetxo bat egin dakioke ezta?, azterketarik gabe, baina ahalik eta txukunen eta adierazkorren erabiltzen ikasteko, eta agian prestigioa ere emateko.
Ez dut hagiografiarik egin nahi, eta horregatik aje(txo)ak ere aipatuko ditut. Batez ere transmisio eskasak eta erabilera urriak, eta zabarkeria linguistikoak sorrarazten dituelarik, bi aipa litezke: bata, nesken artean edo neskei zuzentzean, noka erabili beharrean toka erabiltzea, eta forma alokutiboak esaldi nagusietan ez ezik menpekoetan ere erabiltzea, hots, “joango *naukela (naizela) esan dinat”, “ikusten *baninan (banuen), emango niola esan ninan; “ez *diatelako (dutelako) euskara bizia...; “ea suspertzen *diagun (dugun)”.
Zergatik galdu ditu erabiltzaileak eta transmititzaileak? Bastotzat jo delako, jende finarentzat ezegokitzat. Ergelkeria, ezta? Gainditu beharreko aurreiritzi txepela, nire iritzian. Egia da hitanoa erabiltzeko arau sozial sotilak egon direla. Urola aldean, esaterako: gurasoek euren artean zuka –gehienek behintzat–, gurasoek seme-alabei hika, baina seme-alabek gurasoei zuka; ezezagunekin zuka, eta ezagun norbera baino zaharragoekin gehienbat zuka, eta adin bertsuko edo gazteagokoekin hika. Arau gehitxo? Guretzat ez ziren, eta ez daukate zertan izan, eta laxatu ere egin litezke, ezta? Batzuek gura garaian ere laxatzen zituzten bezala, kasu, senar-emazte artean hika eginda elkarri.
Ajeak eta zailtasunak gaindi daitezke dudarik gabe, eta gorago esan bezala, ez al du merezi lagunarteko giro euskaldun berezi hori, ondorengoei ere helaraztea, ahalik eta txukunen eta adierazkorren? Euskaldunok hain beharrezkoak ditugunean deskribatu ditugun bezalako giroak! Horretan dabiltzanei txaloak jo eta laguntza pixka bat ere eman diezaiegun, geure eta euskaldun guztion onerako.