Puigdemont: batu gaitezen berriz

Erabiltzailearen aurpegia Pako Sudupe 2019ko abu. 28a, 08:38

Pako Sudupek honako iritzi artikulu hau idatzi zuen atzoko Berria egunkarirako.

Duela bi urte, garai honetan, euskaldun politikoki kontzientziatu guztiok Kataluniara begira geunden, denok irrikaz jakiteko han zer gertatuko zen, eta miraz aldi berean, han gertatzen ziren mobilizazio erraldoiak zirela medio, gizarte zibil eta politiko subiranisten arteko sintonia eredugarria zela kausa. Denok dakigu 2017ko urriaren 1ekoaren ondotik, dezepzioa eta alderdien arteko zatiketa nagusitu direla han, eta gurean, hura ondo ateraz gero, jeltzale eta bilduzaleen artean indarrak batzeko itxaropen ttipiren bat bazegoen, aipatutako itxaropenak erreka jo du are gehiago.

Baina itzulinguruak utzita, goazen harira. Honako izenburu hau duen liburuxka argitaratu berri du Carles Puigdemontek: Reunimnos. Reflexions sobre el retorn a la unitat (La Campana. 2019ko uztaila. 57 orrialde, formatu txikikoak; katalanez idatzia). Gezur asko haizatu dute Puigdemonten izen ona zikintzeko hedabide espainiarrek: balen kontrako txalekoak erabiltzen dituela, Thailandian egon dela erbesteratua, otorduak egin dituela ETAko kideekin, bipolarra dela, depresioak jota dagoela, luxuzko jatetxeetan sekulako dirutzak xahutu dituela, orgia bisexualak eta erritual satanikoak egin dituela...

Gezur horiei hedabideetan aurre egiten astia galdu beharrean, Belgikan daramatzan 21 hilabete hauetan egin dituen gogoeten harira, ondorio nagusi honetara iritsi da: Kataluniako Errepublika independentea lortu nahi bada, independentista guztiak batu behar dira, eta erabakiak zuzendaritza aliatu batek (direcció aliada) hartu behar ditu une politiko bakoitzean Errepublika independentearen beharren arabera, eta ez alderdi independentista bakoitzaren interesen arabera, eta horrekin batean, tamalez, Estatuarekiko konfrontazioa beharrezkoa izango da, eta konfrontazio horrek baketsua izan behar du.

Hauteskundeetara banaka joanda, independentismoa irabazian aterako zela uste zuten batzuek; eta, bien bitartean alderantziz gertatu da. Bartzelonako alkatetza ezin garrantzizkoagoa galdu da; Bartzelonako Diputazioa galdu da, udalak galdu dira, eta Espainiako «eskuina gerarazteko» xedez, alderdi sozialista espainolari opariak egin zaizkio, jakinik afera nazionalari dagokionez, PP eta PSOE berdintsuak direla mamira joz gero, diskurtso moderatuagoak gorabehera.

Bozetara zatiturik joanda, gertaturiko galeretatik harago, lehen ez zekizkiten gauzak dakizkite orain katalanek, hots, eskarmentuak begiak irekiarazi dizkie. Lehen ez zuten uste Estatuak errepresiora joko zuenik erreferendum demokratiko bat aurrera eraman nahi izateagatik, eta orain bai. Felipe VI.ak erakutsi zuen aurpegi zigortzailea ere aurretik ikusi gabea zioten haren aitari, baina orain ikusia eta ikasia dute.

Espainiako gizarteak eta klase gidariak erlijio askatasunari dagokionez, edota immigrazio edo sexu-identitateari dagokionez egin duen bilakaera miresgarria izan dela dio Puigdemontek -seguru irakurle asko ez dagoela honekin ados, edo erabat ados, eta ezta zer egonik ere, noski!-. Nazionalkatolizismoan, inperialismoaren nostalgian, matxismoan, homofobian eta antisemitismoan hezitako belaunaldia giza eskubideen aldera igaro izanari, ezkontza homosexuala errespetatu eta defendatzera igaro izanari, eta migratzaile olatuen aurrean jarrera xenofoboak baztertzera egin izanari, miresgarri deritzo; besteak beste, horregatik, ez zuten uste erreferendumarekikoan Estatuak errepresioarekin erantzungo zuenik, baina orain garbi dute, ezen %47,5 boto-emaileen ordez, %65,5 izanda ere, edota independentistak bi milioi izan beharrean, bi milioi eta zortziehun mila izanda ere, berdin-berdin ukatuko lukeela Estatuak erreferendum loteslea, bi alderdi nagusi eta Auzitegi Konstituzionala estu-estu elkarturik.

Aberriaren batasuna jokoan denean, espainiarrek duten irrika atabikoa aipatzen du. Tradizio politiko espainolarentzat, aberriaren batasuna garrantzizkoagoa da bertan bizi behar duten herritarren bizia baino. Espainiarren arrakasta historikoetako bat omen da ideia horrekin gizarte espainolaren parte inportante batek bat egin izana. 2015ean egindako inkesta baten arabera, galdekatutako espainiarren %48,3k zioten prest egongo zirela familiagatik ez ezik, beste zerbaitegatik bizia emateko. %40k "beren aberri, nazio eta herriagatik—. Inkesta horretan, katalan eta euskal herritarrak ere barne ginen; bada, %71 katalanek eta %74 euskal herritarrek zioten ezetz, ez liratekeela bizia emateko prest egongo, familiagatik izan ezean. Aldiz, Gaztela-Mantxan %57k eta Andaluzian %55ek baietz esan zuten.Azken hogeita bat hilabeteetan ikusi eta ikasitakoak gogoan, Puigdemontek alderdi independentisten batasuna eta zuzendaritza aliatua behar-beharrezkotzat jotzen ditu esan bezala, eta konfrontazio ez-oldarkorra: ekintza zuzen ez-oldarkorra, erresistentzia aktibo ez-oldarkorra, boikot baketsuzko ekintzak, zerga- eta kontzientzia-eragozpenak, eta abar, estrategia orokor eta amankomun baten barruan, une historiko jakin bakoitzean, tentuz eta ausardiaz erabilirik haiek Kataluniako Errepublika askea helburu.

Katalanek jarraitu beharra dute salatzen Estatuak jarraitzen duela bidegabekeriaz tratatzen herritar katalanak, balantze fiskalak monitorizatzen, eskumen murrizketak salatzen, Auzitegi Konstituzionalaren inpartzialtasun eskasia, katalan hizkuntzaren diskriminazioa eta Estatuaren zabarkeria aniztasun kulturala eta linguistikoa babesteko garaian, migratzaile olatuak kudeatzeko finantzaketa aski-ez kronikoa, osasun zerbitzu eta azpiegitura falta. Zeren independentzia ez dute nahi Espainiako demokraziaren antzeko bat abian jartzeko, Espainiako Kongresuko 350 parlamentariren ordez Kataluniako Parlamentuko 135 ezartzeko, edota bandera espainolaren ordez katalana, eta Errege Martxaren ordez Els Segadors kantatzeko, baizik eta herritarrei parte hartzeko aukera emateko, legeak egiteko eta administratzeko mekanismoak aldatzeko eta hobetzeko.

Galderekin amaitzen du. Prest al daude katalanak Espainiak katalanentzat prestatua duen harresiari, errepresio harresiari aurre egiteko? 2017ko urriaren 1a baino lehen, ez zuten uste Estatua errepresioa ezartzera ausartuko zenik; orain, aldiz, badakite baietz. Ez du esperantza galtzen Puigdemontek, eta Kataluniako Errepublika independentea lortzeko estrategia horretan parte hartzeko gogo eskasik ere ez du.

Azken ohartxo bat: katalanek ez digute euskal aberria askatuko, baina begirik ez diegu kenduko datozen hilabeteotan, eta askatasuna opatzeaz gainera, elkartasunik ere, ez ahal diegu ukatuko!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide