Estatua duten nazioetako ordezkariak —bereziki menderatuak dituzten nazio txikiagoen lepotik nazio handi direnenak—, eta are soilik autonomia duten erkidegoetako ordezkariak ere, okasio berezietan parlamentuetan mintzatu ohi dira nazioaren egoeraz, eta halako eztabaidetan datu sozioekonomikoak, eta hertsiki gai politikoak aztertu ohi dituzte nagusiki. Artikulu honetan, aldiz, gure nazio txikiaren politika eta kultura izango ditut mintzagai, datu sozioekonomikoetan sartu gabe, ez garrantzirik ez dutelako, baizik eta idatzi honen asmoa mugatuagoa delako.
Euskal Herri penintsularreko azken hauteskundeetako emaitzak ez dira txarrak izan, EAEn batez ere. Berriki irakurri ahal izan dugu euskarazko egunkari bakarrean, Euskadi nazio gisa ikusten duten hiritarrak gehiengoa direla berresten dutela boz horiek, eta estatus berriaren inguruan barne adostasun zabalak lortzeko baldintzak badirela, eta horretaz gainera, erabakitzeko eskubidea epe erdian gauzatzeko estrategian estatu gabeko beste europar nazioekin batera elkarlanean jarraitzeko oinarriak sendoak direla.
Oso ikuspegi baikorra da. Jeltzaleek eta bilduzaleek estrategia aski bateratua dutela bistakoa balitz, eta Europan ere elkarren eskutik dabiltzala, bat etor gintezkeen, baina denok ikusten dugu epe laburrera behintzat —laburrera bakarrik?— adostasun zabalenak jeltzale eta espainiar obedientziapeko eusko sozialisten artean gertatzen ari direla gurean, eta segur aski gertatuko direla, eta autonomi estatutuan jasotako eskumenen transferentzian zentratuko direla —erpina Gizarte Segurantzaren eskumena izan liteke (eskumen harribitxia)—, eta pauso bat aurrera emateko eskumenen transferentzian, bat atzera egiteko eskatuko dutela sozialistek erabakitzeko eskubidean. Europa politikoari dagokionez ere, ez ditugu abertzaleak batera ikusten, sakabanatuak baizik.
Boto-emaileek moderazioa saritzen dutela dirudien honetan, ez al du aurrera egingo eskumen borroka instituzionalak, hots, estatuaren deszentralizazioaren aldekoak EAEn, eta epe luzeagora Katalunian ere —han estatuak plantea dezakeen formula desmobilizatzailea kontzertu ekonomikoa izan liteke—; autodeterminazio eskubidearen aldeko borrokaren kaltean?
Politikatik kulturara etorrita, eta kulturan gure hizkuntza normalizatu gabea ardatz harturik, ikuspegi baikor eta axaletikoagoa eman nahi izatera, esan liteke D ereduaren bitartez eta, euskararen ezagutza hazi egin dela, eta Euskaraldi eta Korrika eta gisako kanpainetan herri-mugimendu eta instituzioen arteko elkarlan itxaropentsua sumatzen dela —bide batez galdera bat: elkarlan horrek ekar al lezake epe labur samarrera 1982ko eta 1986ko euskararen lege zaharkituak euskararen aldera hobetzeko dinamikarik?—, baina sakonagora jota, eta politikaren arloko moderazioarekin erara, ez al da ikusten Gandiagaren behialako diagnostiko poetiko hartatik, funtsean, ez garela asko aldendu, eta aldentzekotan ez alde onenetik: 70eko hamarkadako bizi nahi tirtiri hura galdu ez ote dugun, bi hizkuntzak, gurea eta modu askotara zapaltzen eta limurtzen ere gaituena, gureak direlako lelo faltsuaren eraginez.