Arraroak ote gara?

Erabiltzailearen aurpegia Pako Sudupe 2011ko abu. 12a, 00:00

Oporretan gaude, eta etxe ondoan gabiltza. Kafe bat hartu dugu Donostiako Astoria kafetegi berri, moderno, dotorean, lehen zinema eta orain hotela dagoen etxabean. Barrura sartzean, zinemako izen handiei buruzko afixekin egiten dugu topo, denak gaztelaniaz, eta zerbitzarien ibili eta mintzo era berean gaztelaniazkoekin. Telebistan jarrita dagoen programak, bertan dagoen prentsak, denak erdara espainolera eramaten zaitu; inguruari aurka egin behar diozu euskaraz eskatzeko; zerbitzariak nekez ulertzen dizu.

Gipuzkoan salduena eta segur aski irakurriena den egunkarian, puri-purian dauden gaiei buruzko informazioaz gain, Bilduren aurkako artikulu bortitz ezin ulertua gertatzen zaidan bat irakurtzen dut; horren arabera, euskaldun guztiok egunero belauniko ibili beharko genuke azken 30 urtean ETAk egindakoak garbitzearren, eta, ezer aipatu gabe, deus aipatzen ez delako hain zuzen, Espainiako gobernua eta Konstituzioa ongiaren eredu; eta ez da PP alderdiko batena, nafar euskaldun euskaltzale famatu batena baizik. Gorrotoa sumatzen zaio azal bare itxurakoaren azpitik, bizkartzain esperientziak elikatua ote?; aldameneko mahaian, Osakidetzako oposizioan euskara dela-eta egindako astakeriaz mintzo dira, nola jar ditzaketen hainbeste oztopo euskara dela-eta; esan gabe esaten ari dira nola ez dioten Espainian egonik profesionaltasunari soilik begiratzen, eta ez axolarik gabeko euskarari!

Batetik, gustura gaude, leku aberats batean, eta aberats eta zoriontsu sentitzen gara; bestetik, arrotz eta arraro; zenbat aldiz errazagoa den boto emaitzetan aldaketak gertatzea, ingurune sozial eta kulturala aldatzea baino!

Lehentxeago, handik hurbil dagoen Amarako anbulatorio berrira joan gara. Giro erdalduna dario hango langileriari. Salbuespenak salbu, gehienentzat euskara arrotza dela dirudi, arraroa. Autoa aparkatu eta lehentasunez euskaraz mintzo diren ordaintxartel-makinetatik txartela hartu berritan, hirurogei bat urteko gizon bat sumatzen dut atzean, galdu-samar, makina berriaren aurrean; euskal azentu nabarmenez, nola egiten den galdetu dit. Euskaraz egin dugu, autoaren matrikula zenbakia gaztelaniaz esan dit birritan, eta laguntzeagatik, eskerrak eman dizkit. Gure betiko miseriak: herri euskaldun honekin noraino joan gaitezke? Egia da adinekoa zela eta adinekoak baino gazteagoak direla garrantzizkoagoak; baina horrelakoek zer transmitituko dute?

Atzo Donibane Garazira egin genuen. Kale estu aldapatsuak, gure moduko turistez beteak; Vaubanen gaztelua, eta erronda bidexkatik erronda bat eginda, sartu-irten bat egin dugu eliza nagusian. Harrietan bizi da euskara, Jesukristoren pasioaren egonaldi harrietan zizelkaturikoetan: Jesus hiltzen da..., eta meza laguntzeko liburuxketan, lehenbizi euskaraz, eta gero frantsesez. Han inguruko euskaraz idatziak. Bestelako orri guztiak, parrokietako albisteen berri ematen dutenak, frantsesez soilik, Donibane Garazin bezala Bernart Etxepare erretore izan zen Eiheralarren. Azken honetan adineko bi euskaraz mintzo sumatu ditugu eliza barnean.

Handik Maulera goaz, bihurgunez bihurgune, eta goitik beherakoak dituzten zuzengunez zuzengune, abelgorriak eta arto sailak behatuz, ardiak, abelgorriak eta arto sail nasaiak. Goian gaztelu famatua, eta plaza zabal lasaian Anduria-Maitia jauregi-gazteluak eta ostatuak eta kafetegiak eta pilotalekua. Turismo bulegoko andere gazteak abegi ona egiten digu euskaraz mintzo entzuten gaituela. Zuberoako aire markatuan erantzuten dizkigu galderak, arrai eta adeitsu. Xiberoko Boza entzuten dugu karriketan bozgorailuetatik; ostatu eta dendetan frantsesa soilik. Eliza nagusian Garazin bezalatsu, mezari laguntzeko liburuxketan euskaraz eta frantsesez, Zuberoako euskaran, hitzak «ü»-z adierazirik, eta parrokiako argitasun orrietan frantses hutsez.

Mauletik Baionara egin dugu; hemen Errobi ertzak arkuz, jatetxez eta jendez bete samar, Errobiko unibertsitate kanpus hetsia, non euskal ikasketak ematen dituzten, besteak beste. Euskal Museoa halaber hetsia da. Ez dugu Baionan euskararik entzun. Gogoratu ditut ezagutzen ditudan Iparraldeko idazleak, eta betiko aldarte nahasia: gure Euskal Herria bizi da, baina nola?, egun hola eta bihar?

Etxe ondora itzulirik, janari-denda baten atarian emakume errumaniar itxurako bat eskean; denbora da eskerako leku hori hartua duela. Inork dirua ematen badio, irribarrez eskertzen dio, kasik giza estatua geldiek bezala. Zer burutazio ote darabiltza? Gureak ez bezalako pozak, sentimenak eta buruhausteak izango ditu, eta arazo gehiago ziur, berak eta ingurukoek dituzten lehen premiak asetzeko. Gureak, harenaren ondoan, ondo-bizienak, hobeto bizi direnenak; ez, halere, faltsuak, edo sentitu gabeak.

Osorik irakurri

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide