Hizkuntza-hautua eta 1982ko Euskararen Legea

Erabiltzailearen aurpegia Pako Sudupe 2011ko abe. 15a, 00:00

Euskararen Nazioarteko Egunean ari naiz idazten. Badabil hor bolo-bolo euskal abertzale sentitzen direnen artean ere ideia zoragarri bat, hizkuntza hautua errespetatu beharrarena eta jarrera horren ederrarena, liluragarriarena, kaltegarri eta ahulgarri jotzen dudana.

Natorren labur azaltzera. Beste gauza asko bezala, hizkuntza-hautuarena, oro har, katu-amets bat da, kimera bat. Bizi garen garaian eta lekuan, estatuak erabakitzen du bere mendeko lurraldean hizkuntzekin nola jokatu, hizkuntza-hautua nola arautu. Gu mendean gaituen Konstituzioaren 3. artikuluan garbi agertzen da: gaztelania gailen eta euskara, katalana eta galegoa bigarren mailan beren lurraldean. Frantziara begira jartzen bagara, Euskararen ofizialtasunari buruz artikulua sinatu dutenak (2011-12-03), gisa denez, jarri diren bezala, euskara ez bigarren mailan baizik ere lurpean, desagerturik, ezertarako balio ez duen esaldi iraingarri batera mugatua. Hori da egia garbia.

Gatozen gure Euskal Herriaren mendebal aldera. Hizkuntza biak ofizialak. Hizkuntza-hautua praktikara eramateko EAEko herritar guztiok elebidun izan behar dugu, maila ezberdinetan baina elebidun, gutxienez pasibo, elkarri ulertzeko lain. Baina denok dakigu ez dela horrela: %37,5 omen gara elebidunak. Egoera hori izanik, elebitasunaren ederrean eta hizkuntza-hautuaren zoragarrian gatibaturik dagoenak jakin behar luke nahi gabe edo nahita, oharkabean edo ohartuki, egoera betikotu dadin laguntzen ari dela, eta egoera gainera ezin betikotua dela, bizi garen garai pragmatiko eta jendarte eroso-nahikoan ezin dela sozialki bi hizkuntzatan horrela ibili, noiz batean edo noiz bestean, baizik eta lurraldearen arabera, batean funtzionatzen dela sozialki, Suitzan —alde frantsesean frantsesez, alemanean alemanez, italiarrean italieraz—, Belgikan —nederlanderaz, frantsesez— edo zeinahi lekutan Europan egiten den bezala, eta bigarren mailakoa denborarekin hirugarrengo eta azkenean ezertarako ez bihurtzen dela. EAEn ere, zer esanik ez Nafarroan eta Iparraldean, une honetan leku gehienetan bizikidetza honela gertatzen da: bat edo bi daude ez dakitenak, beraz, denak erdaraz. Zer hizkuntza hautu?

Halakoek, benetan euskararen alde baleude, —eta ez diot ezetz!—, konpromiso argia erakutsi behar lukete %100era iristeko politikak abiarazteko, eta hasteko irakaskuntzan D eredua indartzeko, eta besteak alboratzeko ezdeus direlako lortu nahi den xederako. Ikerketa fidagarrienen arabera, D ereduan ibilitako 3tik 2k lortzen dute EGA maila, B ereduan 3tik 1ek eta A ereduan inork ez.

Hizkuntza-hautuarena ez da ondoriorik gabeko huskeria bat. Nahi duenak euskaraz, nahi duenak erdaraz, %37,5 garenean hizkuntza-hautua dugunak. Goazen administraziora. Nahi duenak euskaraz egin beza lanpostua lortzeko oposizioa, nahi duenak erdaraz; nahi duenak egin beza lan euskaraz, nahi duenak erdaraz, zein ederra itxura batera —nahi duenak ordain bitza zergak, nahi duenak ez, nahi duenak izan beza etxe bat, nahi duenak bi, zein ederra den askatasuna! Gora gu hain askatasunzaleak garenez gero!—, baina zein ustela zaigun, mende luzeetako erdararen inposizio erabatekoak hain ahuldurik gaituenean; 30 urtean egoerari gain hartzea lortu bagenu bezala...!

Ez al da garaia 1982ko Euskararen Lege mutilatu eta azpigaratua —euskara hutsezko funtzionamenduari betoa ezarri zion Konstituzio Auzitegiak— dagoen bezala utzi, hots, hilik, eta beste bat lantzeko eta adosteko adostasun honen gainean: elebitasuna orokortzea %100.

Horretan elkar har dezakegu euskal herritar espainiarzaleek eta euskal herritar independentistok, horraino elkarrekin joan gaitezke. Autodeterminazioa dena politikarekiko, euskararekiko flotazio marra elebitasun orokortua: benetako neurriak har ditzagun elebitasuna orokortzeko eta, horrekin batean, gu saiatuko gara euskara izan dadin hegemoniko gurean, Madrilen gaztelania bezala eta Parisen frantsesa, norbanako gisa eleaniztunak baina sozialki praktika euskaldunekoak izan gaitezen, eta euskal herritar espainiarzaleak saiatuko dira gaztelaniaren hegemoniari eusten, elebitasuna gora eta elebitasuna behera ahoan, baina erabaki beharra dagoenean batera edo bestera, beti erdara lehenesten.

Gurean sozialki euskara hegemoniko nahi dugunak gara aurrenak norbanakoarentzat eleaniztasuna defendatzen: kultur hizkuntza erdaretako bat soilik izateak, frantsesa han, gaztelania hemen, ahultzen gaitu eta hemengo erdarak eta ingelesa hein batean jakiteak laguntzen digu sozialki euskaldun izaten, eta indibidualki eleaniztun.

Osorik irakurri

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide