Donostiako Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko V. Plangintza onartu berri dela, eta Udal Gobernuko Euskara arduradunari egindako elkarrizketak zirikatu nau idatzi hau egitera —Gipuzkoako hitza, 2013-07-26—.
Elkarrizketa horretatik puntu bakar bat jorratuko dut hemen: planaren filosofia orokorra, galdera gisa planteatuta, euskararen normalizazioa zergatik eta zertarako Donostiako Udalean, eta horrekin batean, egun, 2013an, euskara zergatik eta zertarako Euskal Herrian —1967ko urte hasieran, Zeruko Argia-n Joxe Azurmendik galdera hau egin zuen: Zergatik eta zertarako euskaldun?, eta polemika harrotu zuen; batzuek Joxe traidoretzat jotzeraino heldu ziren, galdera bera planteatze hutsagatik—.
Argitaratu den elkarrizketaren arabera, euskarari lehentasuna emateko xedearekin prestatu du Donostiako Udalak V. Erabilera Plana; baina, aldi berean, plangintzaren helburua da donostiar hiritarrek nahi duten hizkuntza hautatzeko eskubidea bermatzea. Nola ezkontzen dira bi helburu horiek?
Honako baieztapen hauek egiten dira: «Donostia euskararen hiria da: euskararen ezagutza %66 da. Donostiarren %40k ondo hitz egiten dute euskaraz, eta beste %26 ulertzeko gai dira. Udalarekin harremanak izan nahi dituztenean euskaraz aritzeko eskubidea bermatu behar zaie donostiar horiei guztiei, legeak horrela dioelako. Guk, udal gobernuak, euskara planaren bidez, ahoz zein idatziz euskaraz jardun ahal izatea bermatuko dugu; orain arte, ez zegoen bermatuta».
Donostian gaztelaniaz ondo edo ondo samar egiten dutenak, jo dezagun, %95 direla edo hortik gora, eta horietatik %40 euskaraz ere ondo egiten dutenak —erabilera Donostian %13koa dela esaten da aurrerago; beraz, zalantzak ere sortzen dira «ondo» horren mugez—. Datu horietatik ondorio garbi bat: egun, Donostia erdal hiria da nagusiki, nahiz euskal hirietan euskaldunena izan.
Elebidun orekatuak edo omen diren %40 horien presioari, horien eskubideak bermatzearren, prestatu behar dute udal langileek. Berehala datoz galderak: Horiek Udalean zer-nolako presioa egin dezakete ahoz eta idatziz? Uste izatekoa da ahoz gehiago eta idatziz gutxiago, denok dakizkigun arrazoiengatik. Euskaraz ez dakiten %60 horien eskubideak ere bermatuta jarraituko dutela, horretan ez dut dudarik; onenean, %40 elebidun horien eskubideak bermatuta ere, lehentasunezko bilakatuko da euskara Donostiako Udalean?
%40 horietatik erdiek, demagun, euskaldun kontzientzia ahula dutela, edo euskaldun sentitu arren, lehentasunez gaztelania erabiltzeko joera errotua dutela, giza ingurune hurbilenean erdaldunekin bizi direlako; edota, besterik gabe, erraztasun eta joera gehiago dutelako; orduan, planaren betetze maila apalagoa izan liteke, funtsean, horien eskubideak bermatzeko xedea duenez planak?
Nik bezala hau irakurtzen ari diren guztiek dakiten bezala, Frantziako estatu-nazioak eta Espainiakoak ez dute horrela jokatu: lehenbizi, gaztelania eta frantsesa ikasteko betebeharra ezarri dute, legez, eta gero, hori benetan errealitate izan dadin baliabideak jarri dituzte. Entzuten ari naiz: ez dugu, ordea, haiek bezalakoak izan nahi! Behartu ez baizik konbentzitu, irabazi egin nahi dugu jendea. Euskara soilik eskubideetan oinarriturik hedarazi nahi dugu Euskal Herrian?, eskubide indibidualen diskurtso txepelean oinarri harturik? Sentimenduz ondo hornitutako arrazoi sendoagorik ez daukagu Euskal Herria euskaldundu dezagun?
1967an gertatu zen polemikara etorriz, oso labur adierazirik, Joxe Azurmendik honela ziotson Joseba Intxaustiri, gutunez: «Guk eskubideak dizkiagu (indibiduok): lan egiteko, maitatzeko, euskaldun izateko, etc. Obligazio bat zeukak gizarteak geure eskubide bakoitzaren aurrez aurre. Alderantziz ere, berebat, maitatzaille, langille, euskaldun etabar eukitzeko eskubide dik gizarteak. Eta norbaitek konkretuago, baiña den-denok nolabait, eskubide horiek erantzuteko ta konplitzeko obligazioa zeukagu. Nork eman dio gizarteari holako eskubiderik? Ez zekiat. Iturburu azalpen desberdinak emango dizkik filosofi zozialek. […] Eskubide-obligazioak indibidualismoaren hesitura barnean ulertzea zeharo erratutzat zeukat nik». (..) «[…] Hizkuntza, berriz, gizartearekin, lagun urkoarekin hartuemateko degu. Gizarteari nahiz gizarteagandik, ematekoa euskeraz hala erderaz eman, edo ta hartzekoa euskeraz hala erderaz hartu, ba zegok alde ederra. Kasu guztiotan presente dagoen zerbait ba dala uste diat: euskeraz mintzatzera gaituena, euskaldun jendeari zerbait eman nahia (edo beharra) duk. Euskara bizi duk, hor zeukeagu euskaldun herria ta HORRI eman nahi zioagu zerbait.(...) Nik ez zekiat indibidualismoaren planoan (edo subjetiboan) Aresti'k, Txillardegi'k, etc. zergatik euskera ikasi diguten, seguru asko arrazoi diferenteak izan zituztek. Baiño plano zozial honetan euskaldun jaioa naizen honekin ba diate arrazoi komun hau: euskaldun herriari mintzatu bai zaizkiok. Euskal jendearekiko miña duk, nire ustean erabakitzailea».
Nik hauxe azpimarratuko nuke, espiritu horrekin bat eginez: euskaldun izateko eskubidea ez ezik betebeharra ere badugu euskaldunok eta euskal herritarrok Euskal Herrian. Eta hori erakunde publikoetan ardurak dituztenek —are gehiago, kasu honetan bezala, independentziazale euskaltzalea izanik— argi eta garbi aitortu beharko lukete. Diskurtso samurragoa dela bestea, eskubidea gora eta eskubidea behera aritzea? Bai, noski; guretzat gezurtia eta antzua, ordea!
Euskararena guztiz arazo politikoa ere badenez, Espainiako estatuaren barruan, Donostian, eta Euskal Herrian nonahi, espainolez bizitzeko eskubidea erreklamatzen eta inposatzen dutenek era guztietako oztopo larriak jartzen dizkigute eta jarriko ere dizkigute; beraz, esan dezagun argi eta garbi betebeharra dugula, eta familian, lagunartean, kalean, eta ordenagailuan, eta nonahi, lan franko egin beharrean garela Donostia eta Euskal Herria nagusiki euskaldun izan daitezen, hainbat belaunalditako lan eskerga; eta etorkizuna, ez dudarik egin, gure lanaren araberakoa izango dugu.
Osorik irakurri
Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide