Egunotan albiste ditugu AEBetako beltzak, eta hedaduraz mundu guztikoak. Egunkari honen webgunetik jaso dut hitzez hitz: «Saint Louis konderriko Ferguson hirian (Missouri, Ameriketako Estatu Batuak) Poliziak 18 urteko gazte beltz bat hil zuen tiroz abuztuan. Lekukoen arabera, Michael Brownek ez zuen armarik, eta bere burua entregatzera zihoala egin zion tiro Poliziak. Hiru hilabete geroago, epaileak erabaki du polizia ez inputatzea. Epaileak ebatzi du ez dagoela nahikoa frogarik Wilson polizia inputatzeko».
Telebistan Fergusoneko beltz bat ikusi dut haserre hitz hauek esaten: txakur bat bezala hil zuten. Michael Brown gu bezalakoa ote zen? Gu bezalako Darren Wilson poliziaren jokabidea ulertzen al dugu?, onartzen al dugu?, berdin jokatuko al zuen zuri batekin?, nahitaez tiro egin beharra al zuen atxilotzeko?, AEBak eta armak; zuriak eta beltzak...
Albiste hori, halabeharrez, Joxe Azurmendik berriki aurkeztu duen Historia, Arraza, Nazioa liburuaren irakurketarekin bateratu zait. Liburuak protagonista nagusi bat du: Renan; baina, jakina, Renan bere ingurunean, bere erreferentzia munduan, eta hura arrazista izan bazen —ez al genuen, bada, Renan, nazionalismo zibiko, demokrata, progresistaren aita-ponteko miresgarria?— historialari gisa, orientalista gisa, filosofo moduan, haren erreferentzia izan zirenak ere, hura kokatzen den tradizioko maisuak ere beste horrenbeste ote ziren?
Voltaire pentsalari ilustratuen aita-ponteko handiarentzat, esaterako, beltzek tximinoen antz askoz gehiago zuten gu zuriona baino: «un animal noir qui a de la laine sur la tête, marchant sur des pattes, presque aussi adroit qu'un singe, moins fort que les autres animaux de sa taille, ayant un peu plus d'idées qu'eux, et plus de facilité pour les exprimer; sujet d'ailleurs à toutes les mêmes nécessités; naissant, vivant, et mourant tout comme eux» (Traité de Métaphysique) (179 or.).
Beltzak Zuriak baino beheragokoak ziren, tximinoak beltzak baino beheragokoak ziren hein berean, eta ostrak tximinoak baino beheragokoak diren bezalatsu: «Les Blancs sont supérieurs à ces Nègres, comme les Nègres le sont aux singes, et comme les singes le sont aux huîtres»(T de M). Beltzak erosten zituen Voltairek etxeko esklabo izateko; hori bai bakarrik beltzen artean hautatzen zituen esklaboak, eta hori aurpegiratzen ziotenei ziotsen esklabo-eroslea baino askoz okerragoa zela bere haurrak salerosten zituen herria, hots, beltzek eurek zutela erru gehiena edo osoa.
Kant pentsalari handiarentzat ere beltzak ezgauza ziren pentsatzeko eta sentitzeko, alferrak ziren, eta kiratsa zerien; haren arabera ere, zurien eta beltzen artean fisikoki ez ezik, batez ere espiritualki, «diferentzia esentziala» dago (Ikus Werke). Kantek judu eta emakumeei buruz ere iritzi lotsagarriak zituen.
Humerentzat, orobat, beltzak ez ziren gizaki razionalak izatera heltzen; kulturarik ez, zientziarik ez, adimena daukaten inolako zantzurik ez; gisa zen europarren esklaboak izatea.
Halere, erdaretan ez ezik euskaraz ere irakurriak gaude, sari-irabazle oparoak direnen lumatik, Voltaire, Kant, Hume, Ilustrazioaren ordezkaririk onenetariko guztiak, arraza eta mugarik ezagutzen ez duen gizarte eta gizaki kontzepzioaren aldekoak zirela esplizituki, Ilustrazioaren ideala, idealik izatekotan, nazioa ez baizik gizateria zela, eta nazionalismoa ez baizik kosmopolitismoa, esentzia historikoen bilaketa ez baizik eta progresoa.
Azurmendik, Voltaire guztiz ilustratuari buruz aipu ugarirekin frogatzen duenez, hark gizatasun unibertsalaren sentimendurik eta kontzepziorik ere ez zeukan, europarraren gizatasun «unibertsalarena» soilik edo, hobeto, frantsesarena, edota, kasik, zehatzago, paristarrarena: «Voltaireren gizadia, hurbildik begiratuta, txoko txikitxo bat da. Harentzat beltzak, hotentoteak, etab., edo txinatarrak, etab., kuantitatiboki giza-jendearen gehien-gehiengoa, arras bestelako abere jendeak dira» (179 or.).
Nork du arrazoia: gurean azken urteotan Ilustrazioaren mitoa harrotzera eta hauspotzera dedikatu diren intelektual progre ustekoek ala Azurmendik, Ilustrazioa ez baizik Ilustrazioak egon direla, eta handik ideia askatzaileak bezala ideia zanpatzaileak etorri direnez, tentu handiz ibili beharra dagoela harekin aldezten duenak?:
«Historia espainolak iraganean erreferentzia demokratiko askorik ez du eta, erreferentzia bezala Alfonso Guerrak Ilustrazioaren kontsigna bota zuen. Orain denak ziren demokratak; politiko-jende berriaren harmonia eta kohesioa lantzeko, denentzat balioko zuten erreferentziak bilatu behar ziren historian. H.d., betiko demokrata guztientzako tradizio komun bat, Espainiaren historia berri bat eraiki behar zen. PSOEko sozialistek, arestian marxismoari uko eginak baitziren, Errepublikari eta memoria errepublikarrari ere aise uko eginez, ez zizuten hautatu Pi i Margall-edo esate baterako, ezpada, Juan Carlos erregearen eta haren herrikoitasunaren aldera deboziorik handienaz, demokrata berri guztientzat baliozko erreferentzia bezala Karlos III.a Bourbondar monarka —despota— ilustratua proklamatzen hasi ziren, 1988tik aurrera batez ere. (1989an Universidad Carlos III de Madrid sortu zuten). Alderdiak esan eta, Euskal Herrian ere, zenbait neo-'euskaldun fededun', atzo arte marxista eta iraultzailea, Transizioaren ideologo organikoa orain, bat-batean Ilustrazioa deskubritzen eta haren apologia egiten jarri da zintzo-zintzo lanean, esplikatu beharra baitago euskaldunoi, irrazionaloi batik bat, demokratikoa eta razionala eta Ilustrazioaren jarraitzailea dela dekretatu den ordena berria zein tradizio bikainetan dagoen Ilustrazioaren tradizioan egonda (eta Ilustrazioaren tradizioan Konstituzioa, eta nazioaren kontzeptua, etab.). (176 or.).
Pena da euskaldunak alferrak izatea saioak irakurtzeko, batez ere euskaraz, baina ziur nago astia horretara bideratzen duenari ez zaiola damutuko, eta erantzun ahalko diola galdera horri.
Eta beltzak, gu bezalakoak ote dira? Ematen du lanak hartu beharrean direla hala direla frogatzeko, protesta gogorrak eginez, bestela ezinean, Ilustrazio eta sasi-ilustraziondo guztiak gorabehera.
Osorik irakurri
Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide