Txillardegiren alderdi politikoa behar bezala azpimarratu al da? Intelektual engaiatua eta guztiaren gainetik: abertzalea. Euskal Herria ez da Euskal Herri, baldin eta euskalduna ez bada; beraz, gerra —1512, 1789, 1833, 1872, 1936—, administrazio, irakaskuntza, eliza, eta ekonomiaren, eta hedabideen bitartez bere hizkuntza propioa gal, zabar, ordezkarazi dioten herri hau, lehenbizi, berreuskaldundu beharra dago, nahitaez, baina hori Euskadi —edo Nafarroa, hots, euskal estatu aske gisa ulerturik— askatu gabe guztiz ezinezko.
Sei hamarkadatan barrena (1950-2010), bere ikuspegi estrategikoa oso garbi adierazi du, unean-unean politikari abertzaleen artean eta hurbileko munduan boladan zer zegoen errespetaturik, baina desados egoteko askatasuna baliatuz, eta hortik, itxura batera, politikan zabuka ibili den irudipena.
50eko hamarkadan garbi ikusi zuen errepublikano espainiarrekiko leial eta Franco hil zain geldi egonik, gure herriak jai zuela, hiltzen ari zela, eta neokarlismoak bazter utzirik, geure indar soiletan fidaturik hasi behar genuela estrategia eta praktika burutzen. Horregatik, EAJrekiko loturak haustea, eta Ekin-etik ETAra igarotzea.
60ko hamarkada erbestean hasi zuen. 1961ean, Parisen, erbesteko Jaurlaritzaren egoitzan, Euzko Gaztedik eta ETAk osatu behar zuten fronte abertzaleari buruz mintzatu zen. Hamarkada hartan finkatu zituen irmo bere ideologiaren oinarriak. V. Biltzarra baino lehen, 1965-1966etan, asko idatzi zuen politikaz, barne korronteez, eta fronte abertzaleaz. Delako fronte horrek programa politiko gutxieneko bat izan behar zuen: autonomia zabala Hegoko lau lurraldeentzat eta beste horrenbeste Iparraldeko hirurentzat, eta orduko lehentasuna ez zen fronte gerrillero utopiko bat eratzea. 1966ko uztailean erakundeko zuzendaritzako hiru kiderekin elkarturik, V. Biltzarrerako bi korronteko erakundea eratzea proposatu zien: bata marxista-leninista, eta bestea sozialista autogestionarioa. Biltzarrean ez zen onartu proposamena, eta Benito del Valle, Manu Agirre eta Xabier Imazekin batera atera egin zen erakundetik.
70eko hamarkadaren hasieran, T. Monzonekin batean saiatu zen fronte abertzalea gauzatzen. Fronte horretan eskuinak egon behar zuen —EAJ—, eta ezkerrak ere bai: sozialista-komunista-anarkista abertzaleek, baina PSOE eta PCE eta gainerako espainolistek ez; axolazkoena, lehenbizi, aberria askatzea zelako; aberria askatu ondotik, orduan sozialismoa.
Franco hiltzean, erbestetik itzuli, klandestinitatetik atera eta politika posibilista, autonomista —Nafarroa bizkarrezur zela, Nafarroa da Euskadi!— egin behar zela iritzirik, ESBren sorreran esku hartu zuen. 1978ko ekainaren 17an, ESBko batzorde nazionalak, hiru sortzaile egotzi zituen: Mikel Garmendia, Sabin Irizar eta Txillardegi. Egotziek Enbata aldizkarian agertu zituzten zuzendaritzarekin liskartzera eraman zituzten lau arrazoiak: 1. Fronte nazionala baztertu izana; 2. Euskararen alderako eskakizunak alderdi barruan bazter utzi izana; 3. Eusko gudarien aurka aritu izana; eta alderdi barruko autogestioa urratu izana. Herri Batasunera igaro zen, independente gisa.
80ko hamarkadaren hasieratik behin baino gehiagotan salatu zuen saminki eta suminki EAJren saldukeria. Saldukeria klase-interesei egozten zien. 1983an zioen Euskal Herriak Espainia eta Frantziarekin duen gatazkaren aterabidea autodeterminazioaren eskubidea erabiltzea zela. Eta Kautsky sozialistaren hitzak bere eginez: «Ez dago burujabetzarik nazio-hizkuntzarik gabe. Euskadi ez da Askatua inoiz izango, Euskalduna ez bada».
SESBen desegitea gertatu zelarik, 1992an, berriro Enbatatik zioen unea autodeterminazio eta independentziarena zela: «Le programme doit être Euskadi askatua, sans plus. Il faut rejeter tout préalable et tout addenda». Hori bai, autodeterminazioa eta independentzia emantzipazio gisa ulertua. Programa berriak jende berria galdegiten zuen: «Ceci veut dire d´une façon plus précise que les personnes qui se sont mouillées au long des dernières années sur des lignes d´action aujourd´hui dépassees doivent quitter le devant de la scène politique. C´est una condition de crédibilité politique». Bestela, euskal politika jasaten ari zen impasse egoera ezin gainditua zela.
Bizia Euskal Herriaren alde emateko prest ziren gudariak beti miretsi eta goretsi zituen, baina haien hainbat ekintza ez zituen ulertzen. Blanco hil zutenean: Qui prodest? galdetzen zuen: «Azkeneko asteotan ezagutu dugun goranzko eupada miresgarriak, zokoraturik zeuzkan, beldurturik, ezindurik, zer egin ez zekitela, errejionalista kolaboratzaileak eta españolistak oro. Hots, mementu horretantxe hain zuzen, [...] goranzko abiadura sendoa brauki moztu da, erabat eten; errejionalistak eta españolistak berriro harrotu. [...] Nork irabazi du? Berek ala guk? [...] Etsaiak ez du ELA-LAB elkarketak inolaz ere irautea nahi. [...] Nor dago pozik gaur? Gu abertzaleak, ala berak? Irakurleak erantzun beza».
2002an, «Meniatik Auto-Determinaziora» zioen. Hemen Madrilek agintzen zuen, eta Lakuak eta «Pamplonak» obeditzen: «Honetarako balio izan du joan den maiatzeko garaipen elektoralak? Horretarako behar genuen Jaurlaritza abertzalea, PNV eta EA alderdi abertzaleek gidatua? Gehiengoa omen dugularik hori baldin bada dena, 163 urte galdu ditugu. Eta 'Viva Espartero' oihukatzea aski genuen! [...] Nork sabotatu zuen Lizarra-Garazi abiapuntua? Abertzaleok ala Aznarrek? Noren mesedetan gertatu da etendura hura? Otoi, aberkideok. Irek begiak! [...] Zernahiren gainetik, abertzaleon arteko batasuna behar dugu. Gaur, meniatik Auto-Determinaziora».
Gerokoa ezaguna da irakurlearentzat. Aralarren, 2007ra arte. 2008an, EAE-ANVren zerrendetan. 60 urte abertzale borrokan. Euskalgintza-aberrigintzara guztiz emaniko urteak. Utzi digun altxorra jakingo ahal dugu poxiño bat baliatzen, beraren abertzale eredutik legoatara geldituagatik. Goian bego, baina bere lana gure begien aurrean, eta balia dezagula!
Osorik irakurri
Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide