Aita Bizentek eta aitaren aldeko arbasoek eman zioten euskara poxi bat txikitan Telesforo haurrari —ama Sevillakoa zuen, eta haren aita Guatemalakoa; beraz, ama-hizkuntza gaztelania—; euskara aita-hizkuntza izan zuen hein apal batean, baina zinez euskara menderatzeari bere borondatez Madrilen ekin zion, Ateneoan, J. Ruiz de la Escalera Maidagan irakasle zuela, eta ondotik Tolosako Urkizu auzoan, eta berehala hasi zen II. Errepublikaldian hitzaldiak euskaraz egiten. Baina zer eginkizun esleitzen zion Telesforok gure hizkuntzari abertzaletasunean?, zer balio politiko? Gaztelania eta frantsesa aski ongi jakinda, euskara ikasiko ote zuen aski ongi, ahoz nahiz idatziz, hari baliorik eman izan ez balio?
Nire iritzirako, jada heldua zela, gaztea baina aldi berean heldua (25 urtetik aurrera hortxe nonbait), hausnarketa sakona egin zuen, eta lehenbizi bere guraso eta arbasoen hizkuntza-praktikari erreparatu zion, eta ikusi zuen Euskal Herriko goi klaseek, ukandunek, euskara gutxietsi eta jende apal-xumearekin hitz egiteko hizkuntzatzat zutela, eta hizkuntza-jokabide horrek espainolen mendeko bihurtu zituela haiek, kulturalki bezala politikoki, eta hori iraultzeko borondate irmoa hartu zuen. II. Errepublikaldian hitzaldiak euskaraz soilik ez zituen egiten, baina sarri askotan bai, eta okasio batean behinik behin egiaztatua dago Zumarragan 1934ko irailean, euskal parlamentariak udaletako ordezkariekin batean egindako batzarrean, gobernadore zibila buru zela: han ere euskaraz egin zuela; hobeki esanik, han euskaraz egin zuen bakarra bera izan zela. Zergatik? Garbi uzteko beste nazio batekoak zirela, eta beste estatu bat eratzea zegokiela.
BERRIAn argitaratutako iritzi artikulua. Jarraitu irakurtzen.