Herriko neska-mutilei elkartean ibilbide bat egiteko aukera eskaini nahi diegu, eta bide horretan goaz. Egun 81 pilotari ditugu elkartean, sei neska eta 75 mutil. Jenerazio aldaketa izan dugu klubean, pilotari nagusiek pilota utzi egin dutelako eta haur eta gazte berri asko batu delako elkartera.
Guztiek egiten dituzte entrenamenduak, eta adin bakoitzean gaitasun desberdinak lantzen saiatzen gara. Bestalde, entrenamendu fisikoak egiten hasi gara elkarteko kide nagusienekin. Kadete, gazte eta nagusi mailako pilotariekin gaitasun fisikoa lantzen dugu, Elkargunean. Halaber, entrenamenduetarako material berria ere eskuratu genuen: besteak beste, pilotak, gomak, konoak eta uztaiak.
Inguruko herrietako pilota elkarteekin gertuko harremana izatea da gure asmoa. Azkoititik kanpoko pilota txapelketetan jokatu ahal izateko, harremana sustatu dugu eta elkarlan handiagoa dugu. Horren bitartez, gure elkarteko pilotariei Azkoititik kanpo jokatzen diren txapelketak zabaltzen ahalegindu gara, horietan parte hartzera animatuz.
Txapelketak
Oteiza elkarteko kideok hiru txapelketa antolatzen ditugu Azkoitian: Atano III.a Banakako Txapelketa, Azkoitiko Txikito txapelketa eta Kontzejupeko txapelketa. Metodologian ere aldaketa nabarmen bat egin genuen: lehen, txapelketan izena emandako haurrek —lehen partida galtzen zutenek— pilota partida bat baino ez zuten jokatzen, eta gaur, metodologia aldaketarekin, partida bat baino gehiago jokatzeko aukera dute neska-mutilek. Horrez gain, elkartean ez dagoen herriko beste edozein gaztetxok eman dezake izena elkarteak antolatutako txapelketan.
Berrikuntzak
2019tik aurrera, gainera, txapelketako partida guztiak zuriz jokatuko dituzte parte hartzaileek. Haurrak pilotako janzkerarekin ohitu eta trebatu nahi ditugu, eta, bide batez, galtza zuriak janzteko beldurra kendu nahi dugu. Haurrentzat oso motibagarria ari da izaten. Galtzekin batera, elkarterako egin genuen kamiseta berria jantzi beharko dute gaztetxoek.
Egiten duguna zabaldu nahi dugu, gure berri eman, eta herriko komunikabideak dira horretarako bide. Harreman zuzena dugu herriko hedabideekin, eta klubean ere sare sozialei erabilpena ematen hasi gara. Facebook eta Instagram kontuak ditugu gure elkarteko albiste eta xehetasun guztien berri eman ahal izateko. Herrian geurea dena berreskuratu nahi dugu, indarra eman. Hori lortu bidean, sustapen lanean murgilduta gabiltza.