Oreka Bioelkartearen zeregina bi ataletan bereizten da: batetik, eguneroko zerbitzua ematen duen denda daukagu, eta, bestetik, urte osoan hainbat kultur ekintza antolatzen ditugu.
Dendari dagokionez, produktu ekologikoekin lanean hasi zen inguruko lehendabiziko elkartea izan zen, eta, hasieratik, kontsumitzaileei produktuak eskuratzeko erraztasunak emateaz gain, Orekaren pentsamoldea eta ikuspegia zabaltzea izan du helburu. Nahiz eta hasieran produktu gutxirekin abiatu gure bidean, denbora aurrera joan ahala geroz eta produktu gehiagorekin lan egiteko aukera izan dugu, eta, horrela, kontsumitzaileei aukera zabalagoa eta denetarikoa eskaini ahal izan diegu. Orekan, salmentara bideratutako produktu guztiek, ekoizpena bermatu ahal izateko, zigilu ekologikoa daramate, eta euren jatorriaren nondik norakoaren berri ere eman ohi dute. Hau da, garai bateko erosketa estiloa bultzatu nahi da, kontsumitzaileari produktua ezagutzeko aukera emanez. Bertara etortzen diren eta interesa duten guztiei zabalik dago denda. Horrez gain, Oreka Bioelkartearen zutabeetako bat bertako bazkideak dira: erosketetan, deskontuen abantailak aprobetxatzeko aukera dute.
Kultur ekintzen arloari helduz, produktu ekologikoen erabileraren onurak ezagutaraztea eta osasunaren eta elikaduraren arteko erlazioaren kontzientziazioa lantzea helburu hartuta, hainbat ekintza antolatzen ditugu urte osoan: besteak beste, sukaldaritzako hainbat ikastaro, osasuna eta elikadura uztartzen dituzten hitzaldiak, baratzeen zainketari zein landare edo zuhaitzei buruzko informazioa ematen duten hitzaldiak, dendan aurki daitezkeen hainbat produkturen elaborazioa eta jatorria ikusarazten duten irteerak, sendabelarren eta produktu kosmetikoen ikastaroa...