Besteetan, indioa neu nintzen, eta basoan jasotako adarrekin egindako arku eta geziak botatzen nituen. Sokaren bat bagenuen, indioak bakeroa lotzen zuen, noski, eta ez askatzeko moduko korapiloak egiten saiatzen ginen. Kartzelak ere irudikatzen genituen, eta sheriffak han sartzen zuen indioa, zigor moduan.
Beste gudu batzuk ere irudikatzen genituen, eta askotariko armak sortu ere bai. Arropak esekitzeko pintzak erabiltzen genituen pistolak egiteko, boligrafoak zerbatana gisa erabiltzen genituen arroz aleak jaurtikiz, eta ur botila eta puxikekin tiragomak egiten genituen.
Ia eguneroko jolasa zen ikusitako gudu haiek birsortzea. Mundua on eta txarrez bereizia zegoen guretzat, eta onak txarra hil behar zuen, noski.
Urte asko pasatu dira ume izateari utzi nionetik. Gaur egun ama naiz, eta, min egiten didan arren, orain nire semeak jolasten dira gudutara. Ez dituzte guk bezala armak sortzen, ez dira indio eta bakeroak, garai oso desberdinak direlako. Gaur egun, armak erosi egiten dizkiegu; batzuek ura botatzen dute; beste batzuek, berriz, aparrezko balak dituzte, eta badira plastikozko pilotatxoak botatzen dituztenak ere.
Gure garaian, tiro egin eta jotzen bazintu min hartzen zenuen, jakina; garaitua izatearen lotsarekin eta amorruarekin, beste bandokoa izatea hobea zela erabakitzen zenuen, eta indio izateari utzi eta bakero bihurtzen zinen, jolasa hobetuko zelakoan.
Dirudienez, gizakiok barru-barruan daukagu borrokarako sena. Gizaldi ezberdinetako jendeak behin eta berriz errepikatzen duen “jolasa” da: onak txarra menderatzea, hiltzea, kastigatzea, kartzelatzea, umiliatzea… Normaltzat ikusten dugu, eta ez dugu askorik egiten hori aldatzeko.
Indio eta bakeroen pelikulak egiteari ere utzi zioten, baina orain beste on eta txar batzuek betetzen dituzte pantailak. Eta umeek ere haiek imitatzen dituzte oraindik.
Hemen bake garaian gaude eta zortea dugu, eta gure seme-alabek jostailuzko armak dauzkate eskuetan, baina munduan hainbat eta hainbat herrialde benetako gudak jasaten ari dira. Hango umeek ere “jolas” egiten dute: aurrean duten txarra hil behar dute, eta, horretarako, hemengo haurrek ez bezala, benetako armak dauzkate. Beraien moduko umeak hiltzen dituzte, eta nagusiek eskuetan ipinitako armekin tiro egiten dute, agindu bezala.
Beste herrialde batzuetan, berriz, gerrarik ez dagoen arren, kolore arrosako eskopetak oparitzen dizkiete alabei eta urdinak semeei, jostailuak balira bezala, eta gero tiro egiten ikastera eramaten dituzte.
Beldurraren kulturarekin hezitako umeak prest daude txarrak hiltzeko. Eta nola alda daiteke kultura hau? Neuk behintzat aldatzea nahiko nuke, eta horregatik galdera. Nola ekidin daiteke ume batek jostailuzko nahiz benetako armekin “jolas” egitea? Zertan ari gara hanka sartzen?
Hemen, noski, lehen pausoa armarik ez oparitzea izango litzateke; ikusten dituzten pelikula eta marrazki bizidunak ere ez izatea biolentoak. Baina nahikoa izango ote litzateke hori gure barneko gerrarako sena baretzeko?
Aipatu ditudan beste herrialdeetako errealitateak oso desberdinak dira, eta horietan? Nork babestu behar ditu umeak? Izan ere, helduak berak ari dira umeei esaten: “arma bat baduzu, salbu zaude”.
Jolas arriskutsua da haiek bizi dutena, eta jolas hitza erabiltzeari utzi egingo diot, ez baita jolasa. Ez da jolasa, ez, ume bat goizean esnatu eta soldadu baten moduan jaikitzea, kamuflajezko arropa jantzi eta gosaldu ondoren (gosaltzen badute) beraiek babestu behar zituztenen agindupean tiroka hiltzea.
Orain hamarkada askotxo modan jarri zen esaldiarekin nahiko nuke bukatu: EGIN DEZAGUN MAITASUNA ETA BAKEA, ETA EZ GERRA!