Euskal Herrian urtero 200 pertsona inguruk egiten omen du bere buruaz beste. Ez da txantxetako zifra, ez. Azkoitian zenbat ote dira?
Artikulu honetan, besteak beste gizonezkoen kopurua, emakumezkoen kopurua, adina, zergatiak aipatzen dira, suizidatzen denaren profila egiten da.
Esaten ez duena zera da, beren buruaz beste egiteko asmotan dabiltzanak zuek eta ni bezalako pertsonak direla; kalean gurutzatu berri duzun horren pentsamendu nagusia bere sufrimenduaren amaiera izan daitekeela, eta amaiera hori tragikoa izan arren ez duela beste irtenbiderik ikusten.
Inork ulertuko ez duelakoan isilik pasatzen du bere sufrimendua; epaitua izatearen beldurra du. Erotzat hartuko dutelakoan, “hori ez da ezer” esango diotelakoan edo berak bezala irtenbiderik ikusiko ez dutelakoan, isilik aguantatzen du, jasanezina egiten zaion arte.
Eta gizartean zer egiten dugu horren aurrean? Ezkutatu, isildu; gai tabua da.
Hitz egin beharra dago gai horretaz, bai, ezinbestekoa da; suizidioa normalizatzen dugun egunean, isilik sufritzen ari den pertsona horrek albokoari lasaiago azalduko dio barruan duen sumina, tristura, inpotentzia, eta laguntza eskatuko dio, sartuta dagoen putzu ilunetik irteteko.
Hori baita momentu horretan behar duena: zulotik irteteko esku bat.
Honi guztiari buruz hitz egiten dute TVEko Documentos TVko La muerte silenciada dokumentalean.
Kanpaina bat egitearen garrantziari buruz hitz egiten dute, besteak beste; trafikoaren kanpainari esker kotxe istripuak gutxitu diren bezala gutxituko direlakoan suizidioak ere. Arazo honen konponbidearen hasiera izan daiteke.
Mediku eta biktimek hitz egiten digute. Guztiek prebentzio lanari ematen diote garrantzia. Beraien esperientziak kontatzen dizkigute.
Batzuek kontatzen digute nola senideren bat galdu duten eta horrek zer suposatzen duen: sentitzen duten mina, kulpa, inpotentzia.
Besteek beren buruaz beste egiten saiatu eta aurrera nola egin duten azaltzen digute, zein egoerak bultzatu zituen erabaki gogor eta zail hori hartzera, eta orain bizitza nola disfrutatzen duten esaten digute; ez dira bizi bizitzeagatik.
Medikuek laguntzeko dauden baliabide desberdinak aipatzen dituzte:
- ?Gaixotasun mentalen diagnostiko zuzena eta tratamenduak ipintzea.
- ?Depresioa dutenei interneten ahotsa ematea, aurrez aurre inori esango ez lizkioketen arazo eta nahigabeak aipatzen baitituzte han.
- ?Edo laguntza taldeak sortzea egoera horretan norbait galdu duten senideentzat edo saialdiren bat egin duenarentzat.
- ?Telefono deien bidez kontrolatzea saialdiak egin dituztenak, etab.
Lan asko egin daitezke. Eta nik gizarteari zera eskatuko nioke: Inor ez epaitzea bere buruaz beste egiten duenean. Inor ez epaitzea laguntza eskatu eta profesionalengana joaten direnean. Ez erotzat har. Bizitzagatik egin dute apustu. Instituzio publikoei, berriz, laguntza sarea sortzea.
Pozgarria litzateke hasi berria dugun urte honen amaieran 200 pertsonako zifra hori 0-ra aldatzea, eta horretarako zuk eman dezakezu lehen pausoa. Eta sufritzen ari bazara, ez baduzu irtenbiderik ikusten, eskatu laguntza.
ANIMO!!! Bizitzea merezi du eta.