Gure haur, seme-alaba, iloba nahiz bilobentzat ez dugu nahi halako mundurik, onena opa diegu, baina ez gara ohartzen onena opatze horren atzean gizon zuriaren nagusitasun militarra erreproduzitzen ari garela. Ez dugu gure ongizatea galtzerik nahi, baina aldaketarik ezean, aberatsenen eta gainontzeko mundutarren arteko arrakala hazi baino ez da egiten. Ongizate hori gainontzekoen ondoezetik ateratako etekinaren fruitu izaten da, gainera, baina guk, nahi bezala bizitzeko baliabideak ditugun bitartean, nahiago bestaldera begiratu, ezer gertatuko ez balitz bezala jokatu, horretan izan dezakegun ardura ukatu. Hauxe gure miseria.
Euskal Herrian 100 bat enpresa daude arma ekoizpenarekin lotura zuzena dutenak, eta erakunde horiek Eusko Jaurlaritza bezalako erakunde publikoetatik diru laguntzak jasotzen dituzte. ITP, Aernova, Sener eta Sapa dira jarduera handiena duten euskal enpresak, baina ezin ahaztu Azkoitian eta inguruetan badirela enpresa horiekin lankidetzan nahiz haientzako produkzioan ari diren enpresak.
Kexatu egiten gara etorkin kopurua handia dela, laguntza sozialak haiei bideratzen zaizkiela, lana kentzen digutela esanez eta antzerako baieztapen epelak eginez, baina ez dugu jakin nahi hemengo enpresek sortutako armamentuarekin bonbardatzen dituztela haien jatorrizko zenbait herrialde, eta armamentu horren produkziotik, salerosketatik, ateratako soldatak nahiz irabaziak direla gure etxeetara iristen direnetako batzuk.
Higiezinen burbuila lehertu ondoren, inbertsio fondoek kapitala inbertitzeko beste merkatu batzuk behar izan dituzte eta armamentu industrian topatu dute horretarako leku aproposa. Errentagarritasun handienetakoa duen negozioa bihurtu da. Bankak ere badu bere zatia negozioan. Industriak beharrezkoa duen finantzaketa bideratzean industria militarra hedatzen eta garatzen laguntzen du.
Enpleguaren eta garapen zientifiko-teknologikoaren izenean gerra hegazkinak, helikopteroak, tankeak, droneak, misilak edota ibilgailu blindatuentzako osagaiak fabrikatzen ari dira. Azken urteetako arlorik indartsuena da aeronautika. Erakunde nahiz alderdi edo sindikatuetako ordezkariak, industria mota hori goraipatzen dutenean, euskal armagintza goraipatzen ari dira.
Euskal Herriko unibertsitate publiko eta pribatuek nahiz teknologia zentroek ikerketa militarrerako proiektuak garatzen dituzte armagintza sektoreko enpresekin; lankidetzan dihardute (ikasleak, proiektuak eta ikerketa ildoak emanez). Ez ote gara Euskal Herrian sortutako armamentu horrek zer eragiten duen konturatzeko gai?
Egunotan Newroz, argi berria edo urte berria, ospatu dute antzinako Persiak eragina izandako lekuetan. Newroz Kurdistanen; erroetatik sortutako askatasunak eguzki berriz argitu dezala gerra, heriotza, bortxaketa, tortura eta erbesteratzeak hainbeste urtez jasan dituen herria. Iritsi berri den udaberri honek guri ere bizipoza, alaitasuna eta armagintzatik elikatuko ez den jendarte bat ekar diezazkigula. Argi berria, bada garaia.