Maiatzaren Lehena: desitxuratutako egun bat gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Nora Unanue Piris 2025ko api. 29a, 11:59

Nora Unanue Pirisek Maiatzaren Lehenaren atarian idatzitako artikulua da honako hau: 'Maiatzaren Lehena, desitxuratutako egun bat gehiago'.

Aste Santuaren ondoren, aste motza tokatu zaigu. Zortea duten horiek Maiatzaren Lehenean lanera joan beharrik ez, eta lau eguneko asteburua aurretik.

Errealki, ez da nire asmoa artikulu honekin ostegun hau jai egun gisa irudikatu dutenak seinalatzea. Izan ere, horrelako goxoki txikiekin entretenitzen gaituzte gaur egungo enpresariek eta agintariek, bi edo hiru egunetik behin jaten ematen zaionari kaiolan jarraitzen duela ahazten zaion bezalaxe. Despolitizazio orokortuaren sintoma bat da, besterik ez.

Hala ere, garrantzitsua iruditzen zait Maiatzaren Lehenaren garrantzia ere ahantzarazi digutela azpimarratzea. 1886an zortzi orduko lanaldiaren alde borrokatu zutenean egondako ondorio odoltsuek eraman zuen Bigarren Internazionala Langileen Nazioarteko Eguna izendatzera, eta bere helburua zen herrialde guztietako langile mugimenduak sozialismoaren eta internazionalismoaren alde batzea eta borroka egun gisara aurkeztea. Beste behin ere, kutsu sozialista argiarekin sortu zen eguna modu agerikoan joan da desitxuratzen; guztiok opor egun gisara ikusten dugu borrokarako egun gisa izendatu zena, alderdi ultraeskuindarrek egun horretan mobilizatzera deitzeraino (VOXen Solidaridad sindikatua kasu).

Gauzak horrela, geure interesekoak diren aldarriak kalera ateratzen jarraitu behar dugu. Aurtengo kasuan, gero eta gertuago daukagun gerra inperialistaren kontra aterako gara kalera. Europako estatuen militarizazioaren aurka. Izan ere, gaitasun militarrak areagotzeko planak sustatzen ari dira Europako herrialde guztietan, Europaren defentsa eta "autonomia estrategikoa" bermatzeko aitzakiapean, besteak beste. Horri guztiari aurre egiteko beharra azpimarratuko dugu Maiatzaren Lehen honetan, Bilbon.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide