Oihartzun handia izan dute azkenaldian urteetan jarrera matxistak azaldu dituen Gasteizko irakasleak edota Burlatako (Nafarroa) ikastetxe bateko irakasle erasotzaileak. Antolatutako ikasle taldeen salaketengatik izan ez balitz, aipatutako kasu guztiak isilpean geldituko lirateke beste behin, inolako oihartzun mediatiko nahiz sozialik gabe, erasotzaileak guztiz inpune geldituz. Beste hitz batzuetan: hainbatetan ikusi den moduan, unibertsitateak ez luke erabakirik hartuko ikasleak masan antolatuko ez balira, ziurrenik. Jarrera matxistak desnormalizatzeari buruz ari garenean horri buruz ari gara, erantzun kolektiboa eta irmoa emateaz, besteak beste.
Nire egunerokotasunaren parte diren hainbat albisteen artetik pare bat soilik badira ere, haserretzen gaituen horren aurka mobilizatzearen garrantziaz hitz egiteko aitzakia ematen dit artikulu honetan. Izan ere, Emakume Langileon Nazioarteko Eguna gorriz markatuta dut aspalditik agendan. Askok pentsatuko dute, herriko plazako terrazan eserita gelditzearen ordez, zertan eragin dezakeen egun horretan mobilizatzeak.
Martxoaren 8aren izaerak eraldaketa izugarria izan du azken hamarkadetan. Gezurra dirudi, 1910ean Emakume Sozialisten Bigarren Internazionalean borrokarako proposatu zen egun hura gaur egun enpresak nahiz instituzioak morez jantzi eta Instagramera #M8egunero igotzera mugatu dela. Badirudi ahaztu egin zaigula zeri buruz ari garen. Ahaztu egiten zaigu indarkeria matxistak gure kaleetan eta etxeetan jarraitzen duela, debaluatuenak dauden lanak emakumeok egiten jarraitzen dugula, eskuin muturra zuzenean emakumeon aurka dauden neurriak aplikatu nahian dabilela eta beste hainbeste adibide.
Inplikazio politikoz, edukiz eta iraultzaz hustu duten egun horretan, izan dezagun dezentzia kalera atera eta indarkeria matxista kasu guztiei modu kolektiboan erantzuteko. Jarrera horiek gure herrietan eta ikastetxeetan lekurik ez dutela erakusteko, sistemak betikotzen duen subjektu zapaldu izateari aurre egin nahi diogulako. Erakutsi dezagun ausardia biolentzia hori guztia betikotzen duten figurak eta egitura soziala seinalatzeko.