Asteartea da. Gaueko 22:00ak. Afaltzen nabil berriak ikusi bitartean. "Gutxienez 50 lagun hil dira Kanarietara heldu nahian"; "Lau eurodiputatutik bat da eskuin muturrekoa"; "Gero eta gehiago dira matxismoa asmakizun ideologiko bat dela uste dutenak". Instagram ireki dut gero. Bideo laburrak, hamar segundo. Trump, Roma Gallardo, Llados, Roro, Pombo ahizpak.
Inoiz baino informazio gehiago omen daukagu eskuragarri gazteok, eta aldi berean, badirudi desinformatuen dagoen belaunaldia garela. Jakin badakigu komunikabide bakoitzak bere modura kontatzen dizkigula gertatutakoak, eta horren aurrean, oso zaila zaigu nori sinetsi edo noren alde posizionatzen asmatzea. "Total, eragingo al dit ba?".
Horixe saldu digute, eta horretara ohitu gara: lau urtean behin pare bat bozka ematean amaitzen da gure ekarpen politikoa. Gure alea jartzeko egin dezakegun guztia bi egun horietara mugatzen omen da. Eta hala ere, harritu egiten gara herritarron erdiak baino gehiagok 2024an bozkarik eman ez zuela jakitean.
Kuriosoa da ikustea barrenak gehien mugitzen dizkiguten gertakizunak albokoak direla: gure kuadrillakoa erasotzen dutenean, bizitza hobe baten bila datozenak azal zurikoak direnean, emantzipatzeko gaitasun gero eta urriagoa izango dugula aurreikustean edo gure herriko egoitzako langileen egoera hobetzen ez bada, gure zaharrek hobera egingo ez dutela konturatzean... Haserreak mugitzen gaitu.
Nazioartean gertatzen denak ere gurean eraginik ez duela pentsatzea nahiko nuke. Joan den astean, NATOko idazkari nagusiak Europako herrialdeetan "gerrarako mentalitatea" jartzen hasi behar dela esan zuenean ere urrutiko zerbait dela pentsatzea nahiko nuke, Elon Muskek agur Nazia egin duenean, osasungintzara eta hezkuntzara bideratzekoak ziren aurrekontuak gastu militarretara bideratuko dituztela entzuten dudanean, edo nire Instagrameko iradokizunetan influencer faxista gero eta gehiago daudenean. Baina errealitatea da, hain urrun sentitzen ditugun lege eta tendentzia ideologikoek dutela eraginik handiena gure egunerokotasuneko diskurtsoetan: etorkinak direla "bertakoen" lana kentzen ari direnak edo eraso matxistak egiten dituztenak, delinkuentziarekin amaitzeko zigor-neurriak areagotzea beharrezkoa dela… eta abar luze bat entzun ohi da. Lehen begiradan horren erasotzaileak ez badirudite ere, ideia horiek guztiek zaurgarrienak seinalatzeko eta haien kontrako ideiak betikotzeko besterik ez dute balio.
Inguruan dugun errealitatea ulertzeko saiakera egin ezean, diskurtsoaren fokua aldatzeko arrisku handian gaude: lagun behar genituzkeenak etsai moduan margotzen dizkigute eta ideia erreakzionarioen nahiz faxisten aurrean isilik mantentzen gara, kontrakoa pentsatu arren. Norbanako bakoitzaren esku dago jarrera horien guztien konplize bihurtzea, edota benetan zentzuzkoak diren ideien alde posizionatzeko gaitasuna eta argumentuak izatea. Inozo eta desinformatuta nahi gaituzte, ahalik eta traba gutxien egin dezagun. Plan perfektua, makinaria guztiak aurrera jarrai dezan.