Azken 24 orduetan etxeko ateei begira, hau da marka! Bertan egonda ere ezin sumatu lapurrak han zeudela. Silikona ikusezina, lau marka txiki eta… barrura. Ze erraz, ze garbi. Kasualitatez ohartu gara gutxigatik libratu garela; agian “gure Niak” zaunkaka uxatu ditu. Konturatu gabe, gizarte estrainformatu honetan, supramegamoderno honetan, ez gara ezertaz enteratzen. Lapurrak bertan eduki ditugu eta hor dago gaurko notizia: «jende arraro asko dabil azkenaldian gure auzoan», diote kalean. Ezertaz enteratu ez, eta komeni zaiguna egia absolututzat jotzen dugu. Gure desgrazia guztien iturria “jende arraroa” da. Baina zein, nortzuk izan daitezke jende arraro hori?
Makina bat bizilagun, “bertakoak”, jende arrarotzat jo ditzakegu. Baina bertakoak direnez, mesfidantza orotik salbu daudela dirudi. Kanpotarrak, aldiz, ez. Multzo horretan ere klaseak daude: ekonomikoki ondo dabiltzan kanpotarrak, integratzeko ere posibilitate gehiago dutenak, horiek ere salbu dira. Laguntzak eskatu behar dituztenak eta ekonomikoki larri dabiltzanak, aldiz, arazoa dira, horiek dira arriskutsuak. Epaiketarik gabe errudun bihurtzen ditugu, gure gaitz guztien errudun. “Gurea dena” zaintzeko asmoz, gurea delako eta guk bakarrik erabil dezakegulako, bazterketak egiten ditugu. Giro sozial honetan ez da harritzekoa Vox bezalako talde politikoek gora egitea (lasai, politikari buruzko komentario bakarra izango da).
Ez gara ezertaz enteratzen, baina dena dakigun sentsazioa eta uste osoa dugu. Badakigu gurera datozenek gustura laga dutela beren jaioterria, familia, eta iristeko pasatu dituzten arrisku denak, ze azken batean lapurtzera etorri dira. Gure bizimoduak okertzera etorri dira, ondasunak xahutzera. Hori dena jakin dugu jende horrengana gerturatu gabe, hitz egin gabe. Guk epaitu eta epaitzen ditugu: dudarik gabe, errudun dira.
Enpatia terminoa askotan erabili eta gutxitan ikusten da. Bestearen egoeran, azalean jartzearen gabezia latza dugu. Via crucis pertsonalak pairatzea nahiago dugu konpartitzea baino. Talde, komunitate senak daukan indarrari uko egiten diogu.
“Jende arraroa” ezagutzen ez dugun jendea da. Ezagutzen ez dugunaren beldurrak ezin du irabazi. Inklusioa ez da erraza, baina saiatzeak ez al gaitu gizaki, pertsona hobe bihurtuko?
Ez gara ezertaz enteratzen edo ez dugu sakondu nahi izaten? Bitartean, itsasoak jendea irensten du gure izenean. Badakigu hori gertatzen ari dela, ez dugu zertan notizietan entzun. Baina Notre Dame da albiste. Denbora gutxian diru mordoxka lortu dute, errespetu osoz, eraikin bat salbatzeko. Gauza bakoitzari bere prezioa ipini diogu. Itsasoak irensten dituen gizaki horiek, “jende arraroak”, ez du baliorik, ez dago salbatuko dituen diru iturririk. Notre Dame salbu da. Hau da neurria, hau da gure gazteei helduko zaien mezua: itsasoak jarrai dezake gizakiak irensten, mafiek bidea libre dute. Sakonduz gero, besteak beste Aita Mari ekimen solidarioak izan dituen eta dituen traben injustiziaz ohartuko ginateke. Notre Dame laguntzera irtengo balira, diru eta baimen denak edukiko lituzkete; ordea, jendea itsasotik bizirik atera nahi izateak guztiz kontrako erantzun instituzionala eta soziala du (ekonomikoki).
Zer nahi dugu izan, Aita Mari edo Notre Dame? Atrebentzia bat: «Giza arrantzaleak gustuko ditut».
Maiatzeko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.