Urteak aurrera, kantzeleko atea lehen aldiz pasatu eta eskaileretan gora, alabaren jaunartzea tokatzen zen, hiru urteko ibilbidea egiteko prest. Uf! Kezka handia, bertan entzungo nuen mezua apaiz haren ildotik joango zelako ikara.
Oraindik gogoratzen dut familiartean sortutako sorpresa, harridura, katekista bihurtu nintzela esan nuenean. Gaur egun ere, kuadrillakoak ere flipatzen ari dira.
Bilbon egun-pasa egiten. Bazkalordua italiar jatetxe batean egin dugu. Kafetxoaren ordua, konpainia ezin hobean, eta Elizaren gaia atera. Ezin ukatu berez zirikatzailea naizenez ni ere eztabaidan sartu naizela gogotsu. Elizaren ikuspegia, uf! Zeinen urrun bi ikuspegiak, bizitako esperientziek markaturikoak. Kafea amaitu da, eta erosketetan jarraitzeko indarberrituta gaude. Eguna bukatu, bi muxu, eta bakoitza bere etxeko goxotasunera bueltatu da. Goizean lanera, egunerokotasuna nagusitzen da, baina lagunekin hitz egindakoak gogoetarako parada ematen du.
Uf! Bat, bi, hiru eta gora! Aste Santuko pausoan eraman beharreko zama lagunek Elizari buruz duten iritzia edo ikuspegia bezalakoa da. Zama astuna, neketsua, bakarrik ezin eraman daitekeena. Bat, bi, hiru, gora!
Hamaika urteko ibilbidea, neu ere Eliza naizela jabetzeko. Homosexualitatea sendatuko zuen apaizaren edota emakumeak umeak egiteko eta gizona zerbitzatzeko gaudela esan zuenaren zama gainetik kendu edo altxatzeko moduan dago gure parrokia. Bai, aitortzen dut, kristaua naiz eta ez naiz batere perfektua; bekataria naiz, eta bidetik alde egiten dut, eta oraindik Eliza naiz hala ere. Jabetasun horrek askatasuna ematen dit, bakea, ez dut neure burua egunero justifikatu behar, ez azalpenik eman behar; naizen modukoa naiz, eta kantzeleko atetik sartzean etxean nago. Parte izateak parte hartzea dakar. Parte izateak denak zaku berean sartzea dakar. Parte izateak barruan, taldean, dauden batzuek esandakoengatik eta egindakoengatik denak epaituak izatea dakar. Parte izateak aldaketarako aukera ematen du. Horretarako, Eliza irekia behar da, eta hau da gure parrokia. Leku guztietatik jasoko dugu, ezker-eskubi, barrutik eta kanpotik, baina… bat, bi, hiru, gora altxatuko gara. Parrokia honek ezin du bere bihotza galdu, bere espiritua, belaunaldi berriei erantzuten jarraitu behar du. Ateak zabalik, aurreiritzi ugariei aurre egiteko prest, bat, bi, hiru, gora!
Eskailerak igotzen jarraitzea barne ibilbide bat da, askotan neketsua. Geldiuneek atzera begiratuz igotakoa ikusten laguntzen dute, eta aurrera begiratuz asko dugula ohartarazten. Bitartean bizitza aurrera doa, eta datozen danbatekoei aurre egin beharra tokatzen zaigu. Blog batean irakurri nuen ama batek Jainkoarengan sinesmen zipitzik ez zuela bere semea gaixo zegoelako. Uf! Bat, bi, hiru eta gora! Ama, ez dago errudunik; bizitzak harriak ipintzen ditu bidean, pisutsuak, eta guk jasoko ditugu. Bidea egunen batean amaituko da, noski, denoi amaituko zaigu, baina ez dago bidea bakardadean igaro beharrik, errudunen bila. Bidean edukiko gaituzu, zure bidelagun izango gara eta maitasunez beteko ditugu zure hutsuneak. Ama, gogoratu, hemen gaituzu, gertu, eskua emango dizugu, besarkatuko zaitugu, eta behar dituzun mimoak emango dizkizugu, eskaileretan gora hori besterik ez baitut topatu. Horrek dena borobiltzen du: MAITASUNA.