Oztopoen gainetik, eskubaloi zaletasuna sustatzen

Maxixatzenen abenduko aldizkarirako idatzitako 'Komunitatien Leixue' atalerako ekarpena.

Orain dela hiru urte Azkoitian eskubaloi talde bat sor- tzea otu zitzaion Nagore Silvani. Gipuzkoako Eskubaloi Federazioarekin harremanetan jarri zen, baita inguruko herrietako beste hainbat eskubaloi klubekin ere. Traba guztien gainetik, kluba sortzerik izan ez zuten arren, dozenaka haurrez osaturiko talde bat sortzea lortu zuten. Eskubaloia Azkoitian ezezaguna zela iritzita, saio batzuk antolatu zituzten gaztetxoei eskubaloian
jokatzen irakasteko. Horrez gain, Bidasoa eta Huesca taldeen arteko lagun arteko eskubaloi partida antolatu zuten herrian, taldea osatzeko sos batzuk lortzeko eta herritarrei eskubaloi partidak nolakoak izaten diren erakusteko.

Gaur egun, Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila arteko hamalau ume aritzen dira Munoaundi eskubaloi taldean, eta Silvanek entrenatzen ditu astelehenetan eta astearteetan, Elkargunean. Arratsaldeetan ez dute entrenatzeko lekurik izaten, eta eguerdietan egiten dituzte saioak. Horrez gain, DBH 1. eta 2. mailetako bost azkoitiar Elgoibarko Sanlo eskubaloi taldean aritzen dira lehian, Munoaundi taldeak klub horrekin duen hitzarmen bat medio. Bost mutil horiek ere Silvanek entrenatzen ditu, Elgoibarren. Astero, hiru entrenamendu egiten dizute, eta asteburuetan partidak jokatzen dituzte herriz herri.

Gaztetxoen entrenamenduetan hainbat balio lantzen dute Munoaundikoek. Besteak beste, jolasen eta ariketen bidez, eskubaloian eskumuturra nola erabili, paseak nola egin nahiz taldean nola jokatu ikasten dute gaztetxoek entrenamenduetan. Horrez gain, elkarrenganako errepestua eta taldean jokatzeko moduak ere lantzen dituzte. Lehen Hezkuntzako neskek eta mutilek batera entrenatzen dute, sexu bereizketarik gabe; haur mailan Sanlo taldearekin jokatzen duten bost mutilek, aldiz, banatuta jokatzen eta entrenatzen dute. Horrez gain, Eskola Kiroleko hainbat saio antolatzen ditu Munoaundi taldeak urteko zenbait larunbatetarako, eta herriko dozenaka haur eta gaztetxok parte hartzen dute bertan. Saio horietan, besteak beste, eskubaloian nola jokatu ikasten dute umeek.

Munoaundi eskubaloi taldea eskola bilakatzea da taldeko kideen asmoa, baina horretarako formatutako entrenatzaileak eta gutxieneko kirolari kopurua behar dituzte, besteak beste. Hori dela eta, Azkoitian eskubaloi eskola sortzen ez den artean, Sanlo taldearekin elkarlanean jarraituko dute Munoaundikoek. Bestalde, datorren urtean, Esloveniara bidaiatuko dute Munoaundi taldeko kideetako batzuk Sanlo taldekoekin batera, bertan egingo baita Eurofest nazioarteko eskubaloi txapelketa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide