Zer arrazoik bultzatu zintuen zure herria uztera?
Bi arrazoirengatik utzi nuen Argentina: alde batetik, nire neskalaguna azkoitiarra delako eta, bestetik, nire prestakuntza profesionala bestelako modu batean bukatu nahi nuelako –egunen batean bukatuko badut, behintzat–.
Bakarrik edo familiarekin etorri zinen?
Bakarrik etorri nintzen. Familia guztia Argentinan daukat: gurasoak, aitona-amonak eta, noski, betiko lagunak. Eta, nola ez, ohitura zaharrak ere han utzi nituen: haragi erre tipikoa jatea, txangoak egitea eta eguneroko bizimoduko kaosean ibiltzea, besteak beste.
Zein dira Argentinaren eta Euskal Herriaren arteko alde nabarienak?
Euskal Herriari dagokionez, desberdintasunik nabariena hizkuntza izan zen. Baina bada atentzioa eman zidan beste gauza pilo bat ere: kaleetan dauden aldapa guztiak, amaierarik gabeko euriteak… Izan ere, aste osoan euria egin dezake deskantsurik gabe. Horrez gain, jendeak naturarekin duen harreman estuak harritu ninduen; baina, noski, dauden parajeak ezagututa, normala ere bada. Bestalde, euskaldunek abenturak izateko duten espirituak ere txundituta utzi ninduen.
Argentinari buruz, berriz, zer esan, bakarra da eta! Hango abesti batek dioen bezala, estasitik agoniara doa gure historia. Hala ere, hau azaltzeko uste dut orri bat baino gehiago beharko nituzkeela, gehigarri berezi bat edo. Hobe izango da azalpenak hurrengo baterako lagatzen baditugu.
Euskararen berririk ba al zenuen zure herrian?
Nire herrian euskal jatetxe bat dago, Hemen Gara izenekoa, eta txikitan joan ohi ginen hara. Hori izan zen euskararekin izan nuen lehen harremana. Nire aitari Euskal Herria non zegoen galdetzen nion bakoitzean, sentitzen nuen garai batean zerbait izan zela baina gaur egun historiara pasatuta zegoela. Gero, Serrat entzuten nuen hemengo egoera politikoaz, ETAz eta abarrez hitz egiten, eta aita berriro ahalegintzen zen hemengo egoera azaltzen, uler nezan. Baina, zertxobait ulertu orduko, berriz galtzen nintzen.
Ordutik urte asko pasatu dira, 15 bat. Eta bat-batean, 2010. urtean, Bartzelonan neska euskaldun batzuekin topo egin nuen, eta, haiei Euskal Herriari buruz galdetu eta erantzun luze bat jaso ostean, buruan nituen puntu solteak lotu, eta Euskal Herria lekuan eta denboran kokatzea lortu nuen azkenik.
Euskara erabiltzen al duzu?
18 hilabetez euskaltegian ibili nintzen, baina ondoren, lan arrazoiengatik, oso zaila egin zitzaidan jarraitzea. Hala eta guztiz, nire inguruan denek euskaraz egiten didate eta asko animatzen naute, eta neu ere saiatzen naiz.
Azkoitiko edo inguruko tokirik kuttunena?
Azkoitiko hoberena kaleetan dago, baina tokirik ederrena San Martingo erlojua dela esango nuke: han matea edanez egotea herri guztiari goitik begiratuz, hori gauzarik ederrena da. Hor goibel egotea ezinezkoa da.