Shahban Khan: "Indiaren eta Pakistanen arteko gatazkak zeharo oztopatu du hango bizimodua"

Erabiltzailearen aurpegia Maite Rodriguez 2016ko urr. 18a, 12:09

Shahban Khan, Azkoitian bizi den pakistandarra.

Shahban Khan harakina batxilergoko ikasketak bukatzen ari zela etorri zen Pakistango Kaxmir herritik Azkoitira, eta zazpi urte daramatza herrian. Hona hemen elkarrizketa:

 

Jatorriz nongoa zara?

Pakistandarra naiz izatez, Kaxmirrekoa. Kaxmir India iparraldean dago; mendebaldean Pakistanekin egiten du muga, eta iparraldean, berriz, Txinarekin.

Zenbat denbora daramazu Euskal Herrian?

2008. urtean utzi nuen Kaxmir. Holandan pare bat hilabetez egon ostean, Bartzelona joan nintzen, eta handik zuzenean etorri nintzen hona; izan ere, hemen lagun eta ezagunak bizi ziren, eta haien bidez bertaratu nintzen.


Zer-nolako egoera utzi zenuen Kaxmirren?

Azken urteotan gaiztotu egin da egoera. Kaxmirreko gatazka 1948an hasi zen, eta oraindik ere ez da bukatu. 2000. urtetik aurrera, bake prozesuaren bidez baretu egin zen, baina 2008an piztu egin zen atzera. Gatazka horren ondorioz, India eta Pakistan etsaituta egon dira, eta horrek eragin ikaragarria izan du bizitzako alor guztietan: hezkuntzan, osasunean, lan arloan, etxebizitzan eta abarrean, eta bizimodua zeharo oztopatu digu. Hala eta guztiz, ni eta nire familia ez ginen mugan bizi; mugetan bizi direnek arazo gehiago dituzte.


Kaxmirren eta Euskal herriaren artean bada antzekotasunik?

Guztia da desberdina. Hona iritsi nintzenean ume txiki bat bezala sentitzen nintzen, hizkuntza desberdina izateak hutsetik hastea baitakar. Antzeko zerbait esatekotan, mendiak eta Euskal Herriko parajeak aipatuko nituzke, Kaxmir ere oso toki menditsua da eta. Bestalde, eguraldiak eman dit atentzio handiena; atsegin dut hemengo giroa.


Euskaraz jarduten al duzu?

Euskaraz hitz egitea gustatuko litzaidake, baina ez dakit euskaraz; agurrak bakarrik erabiltzen ditut. Gaztelerarekin jardun izan dut gehiago. Ez dakigu bihar non egongo garen, eta, horregatik, gazteleraz jakiteak segurtasun hori ematen dit. Halere, hizkuntzei garrantzia ematen diet, geuk ere geurea baitaukagu, kaxmirera, hau da, Kaxmirren hitz egiten den hizkuntza. Kaxmirera ama hizkuntzatzat dugunok urdua dugu bigarren hizkuntza, nahiz eta hindiz eta punjabieraz ere badakigun.


Ogibidez beti izan zara harakina?

Hemen hasi naiz lan honetan; Kaxmirren ikasten ari nintzen. Batxilergoko ikasketak bukatzen ari nintzela etorri nintzen hona.


Etorkizunean Azkoitian ikusiko zaitugu?

Ez dakit biharko egunean non izango naizen. Bizitza duinago baten bila etorri nin-tzen, eta oraingoz oso gustura nago. Esan dezaket nahi nuena lortzen ari naizela, baina ezin dugu geurera soilik begiratu. Ia egunero ari gara entzuten lantoki bat edo bestea ixtera doazela, langileak kalera bota dituztela eta abar. Horrek beldur pixka bat ematen du. Beraz, ez dakit; gauzak okertzen badira, beste nonbait atera beharko dugu bizimodua. Gaur hemen gustura nago, eta espero dut bertako egoera ez okertzea. Hala eta guztiz, aldaketetarako prest egon behar dugu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide