Cosmina Dan: "Eskerrak emateko moduko jendea aurkitu dut Azkoitian"

Erabiltzailearen aurpegia Maite Rodriguez 2016ko uzt. 15a, 11:22

Cosmina Dan, errumaniarra jatorriz, Transilvania eskualdeko Targu Mures hiritik etorri zen Azkoitira duela hamar urte.

 

Zerk bultzatu zituen zure herrialdea utzi eta Azkoitira etortzera?

Nire herrialdeko egoera sozioekonomikoa oso prekarioa zen; langabezia tasa handiek asko oztopatzen zuten bizimodua. Gainera, ni landa eremukoa izanik, hirian baino baliabide gutxiago genituen. Esan dezaket hemen garai batean bizi ziren bezala bizi ginela han. Hamalau urte betetzerako lanean hasi beharra zegoen, ez baitzegoen ikasketetarako nahikoa baliabide. Hori dela eta, bizimodu duinago baten bila etorri nintzen familiarekin.

Zailtasun handiak izan zenituen Azkoitira iritsi zinenean?

Zorte handia izan dudala onartu behar dut, iritsi bezain pronto Kiruri jatetxean hasi bainintzen lanean, eta ondoren k5en; bertan pasatu ditut azken bederatzi urteak. Lan arloan ez dut inolako arazorik izan.

Eta hizkuntzari dagokionez?

Etorri nintzenean ez nekien ez gazteleraz ez euskaraz. Ni ez naiz inoiz euskaltegira edo bestelako klase batzuetara joan. Kalean ikasi dut hitz egiten, bai gaztelera, bai euskara; gainera, tabernan lan egiteak asko laguntzen du. Izan ere, entzun eta entzun, azkenean ikasi egiten duzu; ez dago horrelako klase eraginkorrik.
Etxean, adibidez, hiru hizkuntza hitz egiten ditugu. Seme-alabei errumanieraz egiten badiet ere, gazteleraz erantzuten didate. Eta haiek beren artean euskaraz hitz egiten dute, jo eta ke. Hala ere, nik errumanieraz hitz egiten jarraituko diet, nire ama hizkuntza baita eta ez baitut nahi inola ere galtzerik. Ahal den heinean eutsiko diot.

Azkoitian nolako jendea aurkitu duzu?

Egia esan, eskerrak emateko moduko jendea aurkitu dut, haiengatik izan ez balitz oso zaila izango bailitzaidake aurrera egitea. Asko lagundu didate, batik bat umeekin; izan ere, 5 ume heztea ez da batere erraza, are gehiago lana eta familia zeuk bakarrik uztartu behar dituzunean. Beraz, eskerrak ematen dizkiet umeak zaintzen lagundu didaten guztiei. Eta, hori gutxi ez balitz bezala, nire familia etorri izan direnean, gurasoak eta anai-arrebak, haiei ere asko lagundu diete. Jende eskuzabala eduki dut inguruan, etorri nintzen lehen unetik. Atzera egingo banu, ez nuke ezerekin aldatuko.

Errumania eta Euskal Herria ba al dira antzekoak zerbaitetan?

Desberdintasunak nabariagoak dira, gehienak arlo ekonomikoari lotutakoak. Izan ere, nahiz eta gaur egun Euskal Herrian langabezia arazoak izan, egonkortasun handiagoa dago hemen. Antzeko ezaugarriren bat esatekotan, gastronomia aipatuko nuke: errumaniar gastronomia euskal gastronomia bezain aberatsa da.

Zer deritzozu errumaniar guztiak ijitoekin lotzen ditugulako topikoari?

Neu erdi ijitoa naiz [barrez]. Topikoak topiko, niri sekula inork ez dit errespeturik galdu izan; beti ondo tratatu naute, eta, azken finean, era guztietako jendea dago bai han eta bai hemen. Orokortzeak ez gaitu inora eramaten: errumaniar guztiak ez dira ijitoak eta ijito guztiak ez dira errumaniarrak.

Azkoitiko tokirik kuttunena?

Euskal gastronomia gustuko dudanez, Attolarekin eta Lajarekin gelditzen naiz: paraje politak izateaz gain, dastamenerako toki paregabeak dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide