Pit, Azkoitian bizi den hungariarra: "Holandan egon nintzenean holandesa ikasi nuen, eta Euskal Herrira etorri nintzenean, euskara"

Erabiltzailearen aurpegia Maite Rodriguez 2016ko urt. 22a, 13:20

Pit, Azkoitian bizi den hungariarra

1990ean etorri zen Donostiara bizitzera, eta duela bost urte Azkoitiara. Euskara ikasten naturaltasunez hasi zen, nahiz eta eskualdeko euskalkiak bereiztea ez zitzaion erraza egin hasieran.

 

Azken urteotan Azkoitian ikusi zaitugu, baina nongoa zara, Pit?

Ni jatorri hungariarreko jugoslaviarra naiz. Serbian bizi izan nintzen Europan azken berrogeita hamar urteetan izan den gerra gogorrena piztu zen arte. 18 eta 56 urte bitarteko gizon guztiok behartuta geunden gerran borrokatzera. Kontrol poliziala ikaragarria zen kalean, tabernetan, garraio publikoan… Dokumentazioa eskatzen ziguten, eta Kroaziara bidaltzen gintuzten borrokatzera. Gorabehera handien eta gudu militar lazgarri askoren ostean, ihes egitea erabaki nuen.

Zer dela-eta etorri zinen Azkoitira?

Bidaia luzea izan da. Serbiatik ihes egin nuenean, Amsterdamera joan nintzen, artisau lanetara. Zazpi urte igaro nituen han. Kontaktu baten bidez, 1990ean Donostiara etorri nintzen, eta, Zestoan eta Azpeitian bizi ondoren, azken bost urte Azkoitian daramatzat.

Zergatik hasi zinen euskara ikasten?

Egia esan, zortea izan nuen, Donostiara etorri nintzenean ezagutu nuen jende gehiena euskalduna baitzen, eta horrek asko lagundu zidan: naturaltasunez hasi nintzen euskara ikasten. Baina ofizialki Azpeitian hasi nintzen AEKn, Azpeitiko dendari batek gazteleraz soilik niri egiten zidala ohartu nintzenean -irribarrez-. Eta ondoren, Azkoitira etorri nintzenean, EPAn jarraitu nuen beste bi urtez. Hasieran oso konplexua da: Zestoan zestoarrez, Azpeitian azpeitiarrez, Azkoitian azkoitiarrez, Ondarroan ondarroarrez… Albistegietan euskara batuan egiten zuten, eta horrek asko lagundu zidan; telebistak, beraz, asko irakatsi dit horri dagokionez, entzutea ezinbestekoa baita hizkuntza bat ikasteko.

Desberdintasunik nabaritu zenuen Euskal Herrira iritsi zinenean?

Ez da denbora askorik behar hau desberdina dela ohartzeko. Espainian zehar asko ibili nintzen, baina desberdintasun nabariak sumatu nituen berehala. Baloreei eta kulturari dagokienez, batik bat, sekulako aberastasuna dago, eta gauza horiek asko tentatu ninduten bertaratzeko.

Lehenago esan duzu ogibidez artisaua zarela, baina zer lantzen duzu?

Zilarra eta alanbrea lantzen ditut; esan dezaket alanbrearekin ia inork ezin didala ezer erakutsi. Sei edo zazpi proiektu dauzkat: bitxiak, miniaturak, buru hausgarriak, magia amarruak, alanbrezko animaliak... 2011n, Ordiziako miniatura txapelketa irabazi nuen.

Zer gomendatuko zenioke Azkoitira iritsi berri den bati?

Nik etortzen den oro euskara ikastera gonbidatzen dut, kulturak errespetatzea oinarrizkoa dela iruditzen baitzait. Horregatik, uste dut guztiok pixka bat saiatu behar dugula. Nik neuk Holandan egon nintzenean holandesa ikasi nuen, eta Euskal Herrira etorri nintzenean, euskara.

Azkoitian baduzu toki kuttunik? Zein?

Toki kuttun bat baino gehiago ditut Azkoitian: nire baratzea, baita Zakela taberna ere, Azkoitira etorri nintzenean Ostiela! izeneko aldizkaria banatzen bainuen han. Orain, Zurt tabernan ere oso gustura egoten naiz, eguzkiak bete-betean jotzen baitu. Horrez gain, Izarraitz asko maite dut; zoragarria da, eta 15 urte dira astean behin igotzen naizela. Dauden mendirik politenetakoa da niretzat.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide