"Ez zara damutuko"

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Olariaga 2020ko ots. 16a, 09:30

Gazteak eta lana. (Argazkia: Pixabay)

Mireia Olariagak otsaileko Maxixatzen aldizkarirako egindako iritzi artikulua: "Ez zara damutuko".

Zenbatetan entzungo ote nituen hiru hitz horiek eta zenbatetan haserretuko ote nintzen entzutean. Betidanik esan digute ikasketak garrantzitsuak direla, ahal dugun guztia egin eta ahalik eta urrunen iristea lortu behar dugula… Polita da esatea, baina oso gogorra entzundako hori egitea.

Hemen aurkitzen naiz, aspaldi idatzi ez dudan artikulu baten aurrean. Esan beharra daukat poza eman didala berriro teklatuaren zaratarekin bat egiteak. Irailetik ez dut testurik idazteko aukerarik izan, praktikak amaitu nituenetik, alegia. Lan munduko egoera oso zaila da, eta gazteok oraindik eta zailagoa daukagu ikasitako munduan murgiltzea. Lana badago, baina guztietan esperientzia eskatzen dute, inork edukitzen uzten ez digun esperientzia. Ongi dago 'profesionalak' topatu nahi izatea (denok egunen batean gauza bera pentsatu ahal izan dugulako), baina gazteak izatea eta formatuta egotea zailagoa da.

Atzo izango balitz bezala gogoratzen dut hurrengo pasarte hau: "23 urte dituzu, graduatuta zaude eta masterra burutu duzu. Hala ere, ez dizute kontratua luzatu?". Galdera hori jende askok egiten du, lana edozein dela ere. Egunetik egunera gehiago exijitzen dute. Titulazio altua eskatzen dute, eta jada ez dute balio (toki askotan) erdi mailako edo goi mailako titulazioek. Hori horrela izanda, betiere saiatzen gara egoera aldatzen eta ahal den neurrian formazio berriak bilatzen eta egiten. Ezin dute esan gazteak ez garela mugitzen, ez garela saiatzen gure etorkizuna hobetzen. Eta ez dakite oraindik buruan ditugula aspaldi entzundako honako hiru hitz indartsu hauek: "Ez zara damutuko". Baina eguna joan eta eguna etorri, ez zaigu iristen lanerako inolako deirik, eta hitzek indarra galtzen dute ekintza faltaren aurrean.

Beraz, noiz damutu behar dugu egindakoaz, edo hobeto esanda, noiz iristen da horren damua? Egoera zailen aurrean, beti dugu zergatik hitza ahopean: zergatik egin nuen, zergatik jarraitu nuen… Erantzun asko egon daitezke horren aurrean, baina nire kasuan, gizartearen presioak eraman ninduen guztia egitera. Gaur egungo heziketak ez dizu etorkizunik finkatzen, formakuntzan diru asko utzita ere. Horretara kondenatutako bidean murgildu ginen orain dela urte asko; diru asko utzi eta etorkizun beltza, edo, kasu batzuetan, grisa bizitzera. Jakin nahiko nuke zenbat pertsonak utzi behar izan dituzten ikasketak ezin zituztelako ordaindu, eta zenbat dauden asko ordaindu eta nire egoera berean. Pertsona bakoitzaren 
atzean istorio bat ezkutatzen da. Askotan pentsatzen dugu guztia amaitzean orain dela hamar urte amesten genuen egoeran aurkituko garela eta oraingoa beste esperientzia batzuk bizitzeko momentua besterik ez dela.

Zaila da onartzea urtetik urtera gauzak gehiago korapilatzen direla, jende gehiago dagoela formakuntza onarekin eta lanpostu batengatik borrokatzea konplikatu egiten dela. Baina egindako bidean damutu gabe, beste mila aukera daude, praktikak irtengo dira, eta hori ez bada gertatzen, laneko baja bat egongo da. Ate berriak irekitzen direnean, egindakoa atzean uztea tokatzen da batzuetan, baina hori ez da damuaren isla, bizipen berriak bizitzeko momentua da, alegia. Egia da muturreko egoeren aurrean edozein lanpostu hartzen dugula, baina betiere behin amestu genuena ahaztu gabe. Lortuko dugu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide