Milaka jarraitzaile dituzu Interneten, eta telebistan ere agertzen zara. Nola daramazu ospetsu izatea?
Ez zait inoiz gustatu ospetsu hitza, ez bainaiz identifikatuta sentitzen hitz horrekin; nahiago dut ezagun erabili [barrez]. Azkoitian, gazteak jada ohituta daude ni ikusten, eta, hori dela eta, gehiago nabaritzen dut beste herri batzuetara joaten naizenean. Kuriosoa da, oso erraz nabaritzen baitut kaletik noanean nork ezagutzen nauen eta nork ez; nahi edo ez nahi, denoi aldatzen zaigu aurpegia «miresten» edo «jarraitzen» dugun norbait ikusten dugunean.
Noizean behin argazkiren bat edo beste ere eskatzen didate, eta ilusio handia egiten dit. Hala ere, egoera batzuetan pixka bat deserosoa izaten da, ez bainago eguneko 24 orduetan argazki batean ateratzeko moduan.
Zein izan da zure lehenengo esperientzia telebistan?
Telebistan duela pare bat urte hasi nintzen. ETBn nire profila ezagutu dute, eta, antza denez, gustatu zaie. Asko disfrutatu dut orain arte egon naizen proiektu denetan, benetan gustatzen zaidan ogibidea baita.
‘Gu ta gutarrak’ programan ibili eta gero, ‘GazteOk’ eta ‘Gure kasa’ saioetan ikusi zaitugu lanean.
GazteOK bi atal soilik dituen saio txiki bat izan da. Gero eta gehiago ari dira telebistan youtuber fenomenoaren inguruan mugitzen, eta saio hori horren adibide garbia da. Bestalde, joan den urriaren 2an ETB1en estreinatu zen Gure kasa; gazteentzako saio bat da, eta oso itxura ona du. Saioko kolaboratzailea naiz, eta sare sozialetako zenbait eduki erakutsiko ditut.
Nola sentitu zara zeure burua pantailaren beste aldean ikusi duzunean?
Beti egiten da arraroa, batik bat GazteOK saioan, nire kamerarekin eta neure kabuz editatutako bideoak agertzen dira eta; Youtubera igotzen dudan eduki berdin-berdina, hain zuzen, baina telebistan. Eta ez naiz kontziente izaten askotan telebistan botatzen ari diren hori Euskal Herri osoko etxe askotan ari direla ikusten momentu horretan. Baina, aldi berean, hunkigarria da pentsatzea momentu horretan milaka pertsona zu ikusten ari zaren gauza bera ikusten ari direla.
Zer nahiago duzu, Youtube edo telebista?
Biak oso desberdinak dira. Youtuben ni bakarrik nago kameraren aurrean eta atzean; hau da, ni naiz erredaktorea, gidoilaria, kameraria, audiolaria, editorea... Eta telebistan, aldiz, dozenaka pertsona daude lan horiek egiteko. Bi mundu guztiz desberdinak dira, baina biek betetzen naute. Bietako batekin bakarrik geratu beharko banu, ez nuke jakingo zeinekin.
Gertukoek aholkurik ematen al dizute?
Aholku gutxi eman dizkidate, beti izan baitute konfiantza guztia niregan. Baina betikoa: hankak lurrean izateko eta egiten dudanarekin disfrutatzeko. Gurasoak izaten dira lehenak nire bideoak ikusten.
Ikus-entzunezko komunikazioa ikasten duzu.
Betidanik nahi izan dut kamerekin, edizioarekin eta komunikazioaren munduarekin zerikusia duen zerbait ikasi; oso argi nuen.
Youtube zure bizitzako lan tresna izatea nahiko al zenuke?
Ez dut alde batera uzten etorkizunean Youtube lanbide izatea, baina badaude asko betetzen nauten beste lan batzuk ere. Momentuz zaletasun bezala mantentzea gustatuko litzaidake, eta beste lan batzuetan aritzea: telebistan eta irratian, adibidez.
Motzean
Aktore/aurkezle bat: Manel Fuentes
Zuzendari bat: Patxo Telleria
Pelikula bat: 'Celda 211'
Serie bat: 'Vis a Vis'
Erreferente bat: Julen Telleria
Antzoki bat: Maria Cristina
Telebista edo Internet: Internet