Euriaren usaina

Erabiltzailearen aurpegia Maite Lopez Las Heras 2025ko uzt. 23a, 09:52

(Pixabay)

Maite Lopez kolaboratzaileak ekaineko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Euriaren usaina.

Ez dakigu isiltasunak zer zapore duen. Gutxi dakigu ametsaren koloreaz. Nola jakin hutsuneak zenbat neurtzen duen? Zaila da askatasunari prezio bat jartzea eta denontzat bidezkoa izatea. Ezinezkoa da zoriontasuna noiz helduko den iragartzea. Are zailagoa laguntzaren ahotsa deliberatzea orro bilakatu aurretik.

Aldiz, erraza da euriaren usain zehatza gogora ekartzea udaberri euritsu baten ostean, baita maite dugunaren lurrin bereziaren mira izatea ere gure ondoan ez dagoenean. Baina haurrak ume-usaina izateari uzten dion egun zehatza egutegian inguratzea bezain nekeza da euri-tanta baten lurrina asmatzea esku artean harrapatzen dugunean.

Horregatik utzi behar zaio euriari lurreraino heltzen, baldin eta petrikorraz gozatu nahi badugu. Alferrik da euri-tantak atxikitu nahi izatea edo umeari heldu izatea eragoztea, euren funtsa pozez oroitu nahi badugu bederen. Usain bakoitza oroimenaren bidaia bat da eta hitz bakoitza altxor bat. Eta petrikorrak usaina bezain ederra du hitzaren jatorria. Grezierazko bi hitzez osatzen da: harria eta jainkoen zainetatik barreiatzen zen likidoa.

Usain bakoitza oroimenaren bidaia bat da eta hitz bakoitza altxor bat

Zalantzarik egin gabe baiezta dezaket grekoak ikaragarri trebeak zirela hitzak asmatzerakoan. Antzinako greziarrentzat, bada, jainkoen odola litzatekeena harriarekin nahastean sortzen zen lur hezearen lurrina. Greziar mitologiaren arabera, jainkoak hilezkortzen zituen minerala zen ikor urrekara hura, guztiz pozoitsua gizakiontzat.

Guk, jainko izateko jaio ez garen izaki ahulok alegia, ogia jaten eta ardo beltza edaten dugun bitartean, Olinpoko dibinitateek anbrosia jaten eta nektarra edaten zuten, hau da, janari jainkotiarra eta edari zerutarra hurrenez hurren. Bakoitzak ezagutzen ditu norbere gozamenaren zidorrak.

Ez pentsa, ordea, nektarraz gozatzeko heroi izan behar denik. Aski da bidegorrian pasealdi arretatsu bat, ekaitza mehatxuka ari den arrats goibel batean, ahuntz-hosto bati barrena hurrupatzeko. Naturak hilezkortasunaren itxaropena oparitzen digu dosi txikitan, behatzen jakitea eta konpainia ona aukeratzea da gakoa egunik gazienak gozatzeko. Honatx, beraz, sekretua: Lonicera japonica espezieko atxaparraren loreak bi ezpainen artean gordetzen duen likido eztia zurrupatzea.

Oraingoz ezin dezaket Jaungoikoaren atzamarraren zurrutaren ondorioa bermatu; bai, ostera, hil artean hilezkor garela ziurtatu. Bien bitartean, goza dezagun egunerokoak eskaintzen dizkigun une ederrez, zer gerta ere. Jarrai dezagun ogia jaten, ardoa edaten, lur hezearen lurrina irensten euririk egiten ez duenean haren usainaz gogoratzeko, ibilaldiak egiten, Ludovico Einaudi italiar piano-jotzaile eta musikagilearen doinuak entzuten (Petricor izeneko abestia kasurako) eta begiak zabaltzen inguratzen gaituen guztiaz ohartzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide