Gogoan dut umetan aho-korapilotan aritzen ginen urruneko sasoi alai hura. Harrezkeroztik urte asko igaro badira ere, oraindik ez zait ahaztu "Zein zan Sanson? Sanson Sanson zan!" esaterakoan, lagunetako inor ez zela trabatzen, eta, aitzitik, gaztelaniazko "Pablito clavo un clavito" bizkor eta ondo ahoskatzea itxuragabe zaila egiten zitzaigula. Ederki akordatzen naiz, halaber, "Tres tristes tigres" osorik esateko ezintasunak barre-algarez betetzen zizkigula jolas-ordu laburregiak.
Urteak bata bestearen atzetik pilatzen joan, eta adinari itsatsirik gelditu zaizkiola jabetzean, inoiz ez askatzeko, ohartu naiz heldutan aho-korapiloek ez dutela batere graziarik egiten. Edo ez hainbeste. Akaso nagusitzean ozpindu egiten garelako izango da edo akaso zentzuzkoagoak izaten saiatzen garelako, ustez bederen edo itxuraz behintzat.
Horiek horrela, nik ez dakit nork asmatzen dituen herritarrok nahitaez erabili beharreko hainbat hitz ahoskaezin, baina nago piperturik bizi den norbait izango dela. Edo are okerrago, jende arrunta nahasteko asmo zuzena duen konjurazio bat, Catilinaren tankerakoa edo.
Ez dakit nork asmatzen dituen nahitaez erabili beharrezko hainbat hitz ahoskaezin
Nola ulertu bestela administrazio-eragiketaren bat egin ahal izateko erabili behar dugun BakQ delako sinadura elektronikoaren izendapena? Herritar guztiok ez gara filologoak, baina denok hizkuntzaren erabiltzaile subiranoak garenez, ez dugu alferrik galtzen neologismoak asmatzeko aukerarik. Denetarik entzun dut: Beka, Bake, Doku, Bak. Orokorrena, baina, Baku da. Halakoetan, hiztun koitaduak amaierako hizkia bere izenez ahoskatzen du zergatiaren arrastorik gabe, intuizioak eramanda baizik. Bost axola herritar arruntari akronimoaren eta siglaren arteko desberdintasuna. Horrenbeste pasahitz kaskoan sartzen nahiko lan, eta orain, gainera, zentzurik gabeko hitz zailak ikasi behar!
Primeran datorkidan beste adibide bat: Ef4ktur. Benetan? Antza, faktura elektronikoak egiteko software bat da, hitzaren tarteko zenbakiak izugarri artegatzen nauena. Nola demontre ahoskatzen da? Zein hizkuntzatan esan behar da zenbakia? Efaktur esatekotan, sortzaileari ahaztu egin al zaio a esateko badagoela bokal bat?
Nolanahi ere, utzidazue aitorpen bat egiten: hitz-asmatzailea izatea nire umetako ametsa izan da. Hain zuzen ere, beti irudikatu izan dudalako ofizio poetiko gisa, artez edo moldez sorkuntza eta artea uztartzen dituena. Gauzen bataiatzailea, Fernando Beltran poeta eta izendatzailea bezala, alegia. Berari zor dizkiogu bolo-bolo eta onerako zein txarrerako gure eguneroko hiztegian sartuta ditugun zenbait hitz: Amena, Opencor, Rastreator eta Faunia, beste askoren artean. Guztiak erraz ahoskatzeko modukoak, ederki froga daitekeenez. Hortaz, argi dago gizarteak poetak behar dituela, gauzak egokiro izendatzeko kasu; hau da, bizitza errazten eta aldi berean hizkuntza edertzen dakien norbait.