Modou hogeita hamabi urteko senegaldarra da. Atsegina, irekia eta berritsua. Euskaraz ere nahiko ondo moldatzen da, erosketa-orgarekin estreinakoz kalera atera bezain pronto jabetu baitzen sosak irabazteko hobe zuela bertako hizkuntza lehenbailehen ikastea, baita saltzaile adeitsuek zakarrek baino bezero gehiago izaten dituztela ere. Segituan ikasi zuen oinarrizko hiztegia: kaixo, polita, ondo, ni, Senegalekoa, aterkia, handia, txikia, galtzerdiak, negukoak, udakoak, pinkiak, galtzontzilloak, luzeak, motzak, bai, poltsak eta trapuak, urdinak, horiak, gorriak, berdeak, txartelarekin, ez, eskerrik asko, aio.
Ezer erosi ez arren, irribarreari eusten ere ikasi du. Bekozko ilunei eta purrustadei bira egindakoan eta ahapeka erantzuten ere bai. Modouk emaztea sorterritan utzita alde egin behar izan zuen, seme-alabentzat nahikoa diru bildutakoan bueltatuko zela promestu zion emakume lerdena, bere esanetan. Istorio bera kontatzen die behin eta berriz, egunero, goizetik iluntzera arte, herriko tabernetan, gizonei eta emakumeei. Egia ala gezurra den inork ez du ziurtasunez sekula jakingo; berak bai, ordea, egiantza baliagarria dela ezezagunengana gerturatzen laguntzeko.
Emazteak aldaka zabalak eta bularralde irtena dituela aitortzen dio saltzaile ibiltariak terraza bateko mahaian jarrita dagoen zarbeldutako gizon-kuadrilla bati, ardoak eragindako barregurak galtzontzilloak erosteko gogoa pizteko itxaroan, edo akaso aterki beltz txiki bat. Gizonek, berriz, nahiago dituzte lizunkeriak entzun, non gorde ez daukaten gauzak erosi baino. Primerako aitzakia. Haietako batek tortilla-pintxoa eskaintzen dio berehala, eta saltzaile ahituak azkenean kafesnea onartzen dio. Galdutako bezeroak istorio kitzikagarriak entzuteko aukera irabazi du, eguneroko asperduratik ihes egiteko.
Esperantzarik galdu gabe eta barrenak berotuta, emakumez osaturiko mahairantz gerturatzen da jarraian. Irribarrea eta oinarrizko hiztegia martxan, hautsa kentzeko trapu-sorta bana jartzen die katilu hutsen ondoan. Emakumeek dagoeneko ezagutzen dute, Modouk ere bai beraiek, ordu berean, betiko tabernan elkartzen baitira egunero, eta saltzaileak ederki asko eramaten ditu kontuak. Jakitun da eguraldi onarekin bezeroen umorea hobeago dela, eta aukera gehiago duela zerbait saltzeko. Aterki koloretsurik ez.
Modouren emaztearentzat ziurrenik ez da ezer deigarririk egongo emakumeei zuzenean trapuak eskaintzeko keinu xume horretan, ez baita maleziatsua, ezta amarrutsua ere. Senarra ez da traperoa.
Tabernako ertz batean zurito bat edaten ari den neska gazteari, berriz, iraingarria iruditu zaio, batez ere gizonen eta emakumeen arteko bereizketa hain era nabarmenean egiteagatik. Ardo gorria edan ostean, ordea, lagunak honako galdera hau luzatu dio:
- Nola jakin bere kulturaren eta ohituraren ondorioz egiten duen ala saltzaile zaildua izatearen eraginez?
Txerpolariaren helburu behinena saltzea dela azaldu dio ondoren, tragoa jo ostean ere erantzunik aurkitu ezindako lagunari. Bitartean, kale asko gelditzen zaizkio Modouri ibiltzeko, mahai ugari irri egiteko, aulki gehiegi istorio bera kontatzeko eta salgai pilo luzeegia orga gainean, bidea garbi ikusten uzteko.