Hemen egon nintzen eta ez nintzen zutaz oroitu

Erabiltzailearen aurpegia Maite Lopez Las Heras 2024ko urr. 12a, 16:26

Maite Lopez Las Heras kolaboratzaileak iraileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Hemen egon nintzen eta ez nintzen zutaz oroitu'.

Esan nizun bazter asko bisitatuko nituela, toki askotan egongo nintzela, munduko kale ugaritan ibiliko nintzela eta denetariko museoetako korridoreak zeharkatuko nituela, baina ez zenidan sinistu. Baieztatu nizun, halaber, leku horietan guztietan zoriontsu izango nintzela, eta irria ez zitzaidala plastikozkoa bihurtuko, baina lehertu beharrean barre egin zenidan. Azaldu nizun ez nintzela inola ere salbuespena izango, anitz bidaiatuko nintzela, zenbat eta urrutiago, hobe, baina ni ere artaldearen partaide naizela xuxurlatu zenidan belarrira, eta zure hatsak luzaroan dirau nire gogoaren barren-barrenean, durundatzen, nahi ez nuen aldiro.

Hala eta guztiz ere, lortu dut. Lortu dut egon beharreko leku guztietan zehar ibiltzea. Arrazoia zenuen egon aditza gehitxo zela bota zenidanean. Arrazoia baita ikusi erabiltzea ere zentzugabekeria zela oihu egin zenidanean. Horregatik, egotea eta ikustea anakronismo garbiak zirela ulertu nuenean, beste aditz batzuengatik ordezkatu nuen errezelaren atzeko errealitatea. Beraz, orain, zuri esker, zehaztasunez hitz egiten dut, eta aditz egokiak aukeratzen ditut nik egin behar dudana zuk erabakitzen duzula jabetu naizenean.

Museo batean nengoen, ez dut gogoan zeinetan (axola al du?), eta "Begira, Van Gogh bat" esan nizun tabernarako gogoz, artelanen gehiegikeriaz aspertuta, eskutik gogor eusten zenidanean, min emateraino (edo lepoa estutzen zenidan?). Ez zintudan ikusten, hain zinen urria, etxe ondoko monumentuak eta eskulturak ikusten ez ditugun era berean, ohikotasunak eta hurbiltasunak erabat itsututa. Norbaitek nora begiratu behar dugun esateko beharraz bizi gara edertasunaz jabetzeko. Ez daukagu erabakimenerako astirik. Zer esango lukete musek euren etxeetako jendetzaren axolagabekeriaz?

Iruditeria da ardura duen gai bakarra amarauna irudiz jositako garaian

Iruditeria da ardura duen gai bakarra amarauna irudiz jositako garaian. Etikaren balioak bigarren mailako ikasgai bihurtu zaizkigu, eta estetika gailendu da egungo gizarte anestesiatuan. Zentzumenen pertzepzioa ahuldu zaigu anestesia osoaren eraginez. Pantailaren enkoadraketan kabitzen dena baino ez dugu ikusten, eta artea aurrez aurre behatu beharrean, berandu baino lehen ezabatuko dugun galerian metatzen tematzen gara, errenkadan aurrera jarraitzeko, besteen atzetik. Argazkia ateratzen diogu koadroari, koadroa ikusi ere egin gabe, han egon ginela zabaltzeko, besterik ez.

Esadazu, hortaz, oi denbora iheskorra, noiz bueltatuko digute aspaldi ebatsi ziguten patxada? Noiz emango diguzu benetako atsedena? Ez erantzun, arren. Beldur naiz. Uste dut erantzunaren gordintasunak min emango didala. Finean, nahiago dut Horazio poeta latindarraren esamoldea gogora ekartzea, eta gaurko eguna bizitzea eta geroaz albait gutxien fidatzea, zer gerta ere. Carpe diem, beraz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide