Inoiz ez dut futbol partidarik ikusi, eta horrela hiltzea espero dut. Alegia, bizitza osoan ez dut futbol partida bakar bat ere ikusi, ez joanekorik ez itzulerakorik, eta horrela hiltzea da nire jomuga. Areago, ez dakit bakoitzak zer esan nahi duen, eta ez dut jakin ere egin nahi. Ez naiz sekula futbol zelai batean egon, eta horrela hiltzea nahi dut.
Horixe bera eta hori bakarrik esan, eta alde egin nuen aurreko batean Athleticen garaipenari buruz jo eta ke hizketan ari zen lagun taldetik. Hori da futbolari buruz egin dezakedan ekarpen bakarra, eta harro nago. Ez baita erraza, ez, futbolari buruz ezer jakin gabe bizitzea, baina ezta ezinezkoa ere. Futbolaren transfuga izatea bizitzeko modu bat da, norberaren hautua. Eta nik, nahi gabe umezaroan eta nahita gaztaro eta helduaroan, futbolik gabeko bizimodua egiten dut, futbolari ihes egitea eliteko kirola baita.
Futbol partidarik inoiz ikusi ez dudala esateak ez dit batere lotsarik ematen; aitzitik, asko pozten nau. Eta jendea asko harritzen da. Futbol zelai batean sekula egon ez naizela esateak ez dit lotsarik ematen; aitzitik, harrotasunez betetzen nau. Inoiz egin ez ditudan bi ekintza horiek eta sekula egiteko asmorik ez dudan horiexek balentriatzat ditut futbolarekin inbutu bidez gizentzea beste xederik ez duen gizarte honetan.
Sekula partidarik ikusi gabe eta inoiz zelai batean egon gabe, beraz, bizi daiteke, eta ondo gainera. Ez dago zaputza izan beharrik, edo ez beti. Hala ere, tarteka behartu izan naute futbol partidak ikustera edo baloiaren arriskuagatik tragoa tentuz edatera. Urrutira joan beharrik ez dago, ezta bazkide kuotarik ordaindu beharrik ere, kirol horren ikuskizuna behatzeko. Herriko plazaren subiranotasuna, esaterako, futbolak dauka arratsalde askotan, eta mutilek gehienetan.
Futbolik gabeko bizimodua egiten dut, futbolari ihes egitea eliteko kirola baita
Plazako tabernako terrazan jarrita zaudela, otoitz egiten duzu (futbolaren edo beste edozein erlijiotako jainkoari) ondoko mahaiko koitaduari bezala baloiak jota kopa gainera bota ez diezazun. Futbolaren kolonoak heltzen direnean, ez da beste ezer kabitzen, ez beste inor sartzen, ezta inor ozen kexatzera ausartzen ere. Futbolean eta bere ingurumarian guztia da baleko, gehiegitan ematen da ameto; futbolaren aitzakian, eskolara edo lanera ez joatea kasu. Gauean lokartzear zaudela, bat-batean kaletik edo etxeren batetik, urrun edo hurbil, gizonezkoen deiadarrek esnatzeak ez gaitu asaldatzen, baldin eta oihuen jatorria futbola bada.
Ez dut jokalari bat beraren izenik ere ezagutzen, eta horrela izaten jarraitzea nahi dut, betirako. Eta jendea asko harritzen da. Aldiz, badago bizitza osoan zehar liburu bat bera ere irakurri ez duenik, eta lotsarik gabe eta harro adierazten duenik. Eta horrek gutxiago harritzen gaitu. Edo batere. Akaso futbol ikuskizunaren helburu finetako bat horixe bera da, hau da, gizakiari irakurtzeko astia ebastea, eta duintasuna, pentsatu beharrik gabe bizitzeko, gizaki beharrean, animalia izateko, hainbat fanatiko eta ikusleren portaeretan argi ikus daitekeenez. Normala, gehiengoaren ustez, futbolzalea izatea baita, nahita edo arrastaka, beste norbaitek bultzatuta. Ohikoa da, baina ez normala.