"Noiz hasi zen zure bizitza oporretan bakarrik eskuragarri izaten?", aspaldion burutik kendu ezindako galdera. Sarri, ebidentziak errutinaren errezel astunak estaltzen ditu. Egunerokotasunaren pisua hain alimalekoa denez, ez dugu opakutasunak ezkutatzen duen izpirik ikusten, harik eta beste norbaitek estalkia zakarki erauzten digun arte. Kontu horiek, hain justu ere, ez baitira gozo egiten, bortizki baizik.
Hala gertatu zitzaidan neuri Azahara Alonsoren Gozo liburuari hasiera ematen dion galdera horixe irakurri nuenean. Galdekizunak liburuak bezainbeste harrapatu ninduen. Alegia, geure bizitza aisialdi labur eta oporraldi ez oso luzeetara soilik mugatzen dela aspalditik susmatu arren, beste baten batek aieru bera izan duela jakiteak errezelo oro ziurtatzen du.
Denboraren berreskuratzeaz dihardu batik bat Alonsok. Lanik egin behar izan gabe bizitzeko asmoz egiten du Maltako plazeraren uharterako bidaia. Egonaldi luze samar hartan, ordu gutxiko ogibide baten truke eta aurrezki apurrei esker, bizimodu apalera egokitzeari buruz dihardu batez ere. Espazioa eta denbora eta bien arteko lotura zuzena ederki uztartzen dira saiakeran.
Horrek guztiak beste galdera bat piztu dit: ba al dakigu ezer egin gabe egoten? Egonean egoten jakitea ez ezik, alhadurarik gabe ezer ez egitea da umetatik produktibitaterako hezten gaituzten egungo gizarte honek duen gainditu gabeko irakasgaia. Zer esango dute gainerakoek ezer egiten ez badut? Horren inguruan eta itxuraz antzuak diren alorren defentsan maisutasunez dihardu zendu berri den Nuccio Ordine humanistak Alferrikakoaren balioa manifestuan.
Esamesak saiheste aldera, oporretan ere zerbait egitera beharturik gaude; ikusi beharreko lekuetan argazkia atera eta sareetan bolo-bolo zabaltzea, esaterako. Lantokian gure hutsuneak justifikatzeko agiriak (medikuareneko nahiz beilatokiko harreragilearenak) erakutsi behar ditugun bezalatsu jokatzen dugu oporretan ere ikasitako irribarrez ateratako argazkietan. Horien helburua, gehienetan, ezagunei gure gozamena egundokoa dela erakustea besterik ez da. Benetan gogoak ematen diguna egiten dugu ala, aitzitik, guregandik espero dena?
Benetan gogoak ematen diguna egiten dugu ala, aitzitik, guregandik espero dena?
Horren harira, beste liburu bat ekarri dut gogora: Annie Ernauxen Argazkiaren erabilera. Bertan, bere egunerokotasuna osatzen zuten irudiei erretratua atera zien, hala maitalearekin egondako bezperako afari arrastoei nola lurrean botatako jantziei. Itxuraz huskeriak liratekeen irudi horiek, sareetan erakusten ditugunaz oso bestalde, bizimodu arrunt baten erakusle dira, axolagabekeria ez baita zentsuragarria, ezta beti gaitzesgarria edo duintasunik gabea ere; aitzitik, Ernauxek argi erakusten duenez, askatasunaren isla izan daiteke. Bost axola bizimodu tarteka eragabe bati buruzko liburu bat idaztea, eta milaka irakurlerekin bat egitea.
Bat-batean, beste liburu bat bururatu zait, Patti Smith abeslari eta idazlearen azkena: Egunen liburua. Egilearen Instagram kontuko argazkiak biltzen dituen kontakizun hori ere intimitatean ardazten da. Beste norbaiten goizeko lehenengo kafea ikusteak edo katuaren konpainian irakurtzen dituen liburuak ezagutzeak irakurleoi eragiten digun gozamenak gizatiarragoak bihurtzen gaitu, bai idazlea bai irakurlea. Akaso, zerbait egin ahal izateko pertsona jakin bat eta bizitzako une zehatz bat besterik ez ditugu behar.