Hitz politak

Erabiltzailearen aurpegia Maite Lopez Las Heras 2022ko aza. 17a, 09:00

Maite Lopez Las Herasek urriko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Hitz politak'.

Nago gauza zatarrak adierazteko hitz politen erabilera erabat normalizatua dugula. Alegia: ekintza itsusiak, egoera deserosoak nahiz jokamolde lotsagarriak azaltzeko zientzia liburuetatik ateratako hitz jasoen jiteko esamoldeen erabilpena (sarritan okerra, beste norbaiti entzundakoa eta buruz ikasitakoa) zeharo barneratuta dugula sumatzen dut nonahi. Zenbait gauza, itzulinguruka beharrean, zuzenean esateak pertsona txartzat hartzeko arriskua saihesteko geureganatu dugun otzantasun hedatuak asaldatzen nau.

Ez naiz ari, baten batek zaharrak trapuak direla esanez lotsarazi aurretik, ondo geratze aldera, nagusi edo adineko hitzen ordezkatze epelaz. Ez. Ez naiz ari ezta ere politikariei hain lagungarri zaizkien eufemismoez, ez baita komeni ahaztea murrizketa bakoitzaren atzean, esate baterako, kaleratze asko daudela. Eta ez dihardut komunikabideetan errealitate gordina nahiz ezatsegina estaltzeko erabiltzen diren mozorro hitzen inguruan ere. Oraindik gogoratuko dituzuelakoan, adibide pare bat: positibo faltsuak eta negatibo faltsuak oker egindako diagnostikoak besterik ez ziren; edo dagoeneko iraungi den normaltasun berri hura ere, oraingoa zaharra, berria ala normaltasuna denik ere ziur jakin ez arren. Zer axola dagoeneko, ordea, horrek, inbasio izendatutako gerra baten ondorioak jasaten hasi besterik egin ez omen garen zalantzazko garaiotan?

Orobat, tabuak eta hitz potoloak alde batera utzi nahi ditut, lehenengoak isilik gorde beharrekoak direlako haserrealdirik izan nahi ez badugu, eta bigarrenak berez ñabardura baztertzailea estalpetzen duelako. Are janari lasterrari zabor-jana deitzeak eragiten didan higuinagatik, disfemismoak ere bazter utziko ditut.

Gauza bakoitza bere izenarekin adierazteko alegatua egiteko asmoa dut

Horregatik guztiagatik, hitz politei buruz jardun nahi dut. Gauza bakoitza bere izenarekin adierazteko alegatua egiteko asmoa dut. Gauzak diren bezala esateko aldarria. Izen bakoitza bere izanarekin deitzeko deia.

Azken boladan, esaterako, gehien nabari izan dudan joera da aurrez aurrekoak ez diren harremanetan, Whatsapp bidezko talde elkarrizketetan kasu, marrazkitxoek ordezkatzen dutela igorlearen adeitasun gabezia. Idazteko gogorik ez daukagunean, edo norbaitek idatzitakoak bost axola digunean, bizpahiru txalo edo aurpegi irribarretsu bat, eta kito. Maiz, bestalde, baten batek taldean botatako albisteari lotsagabeki ez ikusiarena egin, eta beste norbaitek oso bestelako gai batekin gaina hartzen du, aurrekoaren baztertze nabaria inork aipatu ere egin gabe. Ezabatzea eta ez erantzutea onesten dugu. Estaltzean, denok gara konplize.

Egunerokoan gero eta ohikoagoak zaizkigun halako jokabideak normaltzat hartzen ditugu, bai baitaukagu errespetu gabezia, jendetasun falta, hezibide txarra eta utzikeria nabarmena definitzen eta defendatzen laguntzen dizkiguten azalpen leungarriak: noski, harreman inpertsonalak omen, denboraren kudeaketa birtualaren konplexutasunaren eragina omen, eta txor-txortxor. Infantilismoa dugu ihesbide, eta koldarkeria bidelagun.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide