Denok gara gutxi-asko ekozidak. Ez dago sekulako sarraskia eragin beharrik ingurumena kaltetzeko edo ekosistema bateko izaki bizidunen biziraupena arriskuan jartzeko. Gizakion berezko uste hedatua da gainontzeko espezieak baino eskubide gehiagoren merezidun izatea edo osterantzeko animalia zein landare-espezieei zigorgabe kalte egiteko ahalmena edukitzea.
Lehenik eta behin baztertu beharko genukeen iritzia da gizakia animalia ez dela. Gizon-emakumeok barneratua dugu oso inguruko bizidunekiko gainjartzearen jokabide hantustetsua. Gizakia animaliaespezie bat da; ekosistemako beste animalia bat. Inork ez dio aurre egiten gizaki-izurriari; aitzitik, ugaltzera bultzatzen gaituzte, hain justu ere, errealismo kapitalistaren garaiotan ez delako komeni diru-iturriaren txorrota ixtea.
IUCNren (Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundea) zerrenda gorriaren arabera, 40.000 mila espezietik gora galzorian daude, hots, gaurdaino aztertu diren espezieen %28a desargertzeko arriskuan dago. Chantal Maillard filosofo eta poetarekin bat nator zerrenda horretan gehitzeko espezierik geratzen ez denean iritsiko garela, azkenean, lur promestura.
Giza-espeziea osatzen dugun animaliok etxebizitzetan bizitzeko joera dugu, eta horiek eraikitzeko, ezinbestean, lurraren zati bat suntsitzen dugu, eta berekin, bertako animalia eta landareak. Hain diogu galdua itsasoaren hurbiltasunari ere errespetua, ezen hori ekiditeko gizakiak berak lege bat asmatu behar izan baituen. Gizona omen gizonarentzat otso; bai eta naturarentzat ere, gehituko nuke nik. Otso asko egongo dira, ordea, izadiari gizakiak baino begirune gehiago dionik. Bizirik irauteko bere burua armarik gabe defendatu behar, gizakiak ez bezala, hark ez baititu mugak ulertzen, hark ez baitaki gizakiak asmatutako lur banaketak giza-animaliari jabetza osoki bermatu behar dionik.
Gizona omen gizonarentzat otsi; bai eta naturarentzat ere, gehituko nuke nik
Lantokira, supermerkatura edo eskolara joateko, adibidez, gizakiok automobila erabiltzeko ohitura dugu, batzuetan behartuta, nagikeriagatik besteetan; baita oporretara hegazkinez edo itsasontziz bidaiatzeko ere. Hegaldia nahiz itsas-bidaia merke-zurrean erosten dugu sarri, merkea garesti ateratzen dela entzungor eginez. Ageriko poluzioa eragiteaz gain, plataforma-puska horiek sortzeko lantegien kokalekuak eta aireportu zein bestelako eremu ikaragarriak ere izadiaren suntsiduraren zuzeneko ondorio dira.
Gizakiaren joera bereganatzaiela ikusirik, eta ekonomialariek sistema kontsumista gutxitzeko edo aldatzeko behar-beharrezkoa den ekinaldirako duten borondate gabezia kontuan izanik, gurutzaontziren baten kamarotean ikusteko pelikula bat eta edozein charter hegalditan irakurtzeko moduko liburu bat gomendatuko ditut hurrenez hurren: Sean Penn zuzendari eta gidoigilearen Hacia rutas salvajes, bata, eta Henry David Thoreauren Walden, bestea, Danele Sarriugartek euskaratua, "besterik ez bada auzokoak esnatzeko".