Titien kontua ez da oraingotxekoa. Ezer gutxi egongo da emakumeen bularrena baino gai iraultzaileagorik. Gizakiak, animalia ugaztuna izaki, emakumearen ugatzei zor dio taldekatze horren izendapena; ez, ordea, Rigoberta Bandinik Eurovisionerako aurkeztutako Ay mamá abestian aipatzen dituen gizatasuna eta edertasuna. Esan gabe doa, gizakiak ama-esnerik gabe bizirauteko gaitasuna duela, eta, halaber, titiak beti ez direla ederrak, are gutxiago, edertasunaren balioa nahitaez eransten duten gorputz atalak. Gainera, neskontzat "emakumea=elikatze-iturria + ederra" formula zeharo baztertzailea ez ezik, mugatua eta atzerakoia dela esango nuke.
Hiztegian titi tekleatu, eta kako zuzenek emakumearen bularraren baliokidea dela zehazten dute. Gizonezkoen titipuntei nola deitzen ote zaien jakingurak jota, tetilla idatzi, eta, harrigarriro, titi hitza berriro, baina parentesi karratuek ugaztun arrei dagokiela ohartarazten dute. Bada, kafea denontzat!
Duela 29 mende, Homerok kantatu zuenez, Hekuba erregina troiatarrak semea heriotzetik babestu eta borrokatik urrundu nahian, bular bat erakutsi zion, haurtzaroaz oroi zedin arrenka eta arerioa errefusa zezan oihukatuz. Adibide horrek emakumea bizitza emalea eta gizona borrokazalea dela irudikatzeko balio zuen.
Bestalde, Santa Ageda bezperan oleska oroitarazten da Kintziano gobernadorearekin ezkontzeari uko egitearren, bularrak moztu eta hil arteko torturak pairatu zituen emakume gajo hura.
Hekuba erreginak bular bat erakutsi zion semeari, haurtzaroaz oroi zedin arrenka
Gogoan ditut, uda batean, Benidormeko hondartzan, bi mutil gaztek titi bistan zegoen emakume bati egindako iseka eta iruzkin lotsagarriak. Agian, egun horrelako jarreren ondorio zuzena da Bandiniren abestia beharrezkotzat jotzearen aldarria. Horrek justifika lezake, "ez dakit gure titiek zergatik beldurtzen duten hainbeste" kantatzeko premia 2022an.
Badirudi, gaur-gaurkoz, Venus lotsatiaren garaian gaudela, emakumeak, edertasunaren izenean, aipatu beharrik ez dagoen gorputzeko atal batzuk ezkutatu edo aieruz erakutsi behar dituelako.
Appollinairek ere, Tiresiasen titiak lanarekin hankaz gora jarri zuen orduko ikuslegoa. Bertan, Teresak, etxekoandre eta ama izateaz nazkatuta, sexuz aldatzea erabaki, eta Tiresias izena hartzen du, gizonezkoen onura eta begirune berberak jaso ahal izateko.
Agerikoa da, hortaz, titiak barra-barra egon direla historian, eta, hedaduraz, artean. Agnodizek, lehendabiziko andre ginekologoak, pazienteak limurtzeagatik salatuta, epaiketan tunika altxatu eta bularrak erakutsi zituen; izaera ordezpenaren delitua gehituta, heriotza zigorretik libratu zen emakume batzuek bere alde egin zutelako. Hortaz, ezkutatzeko beharra naturaltasunez ezabatzen dugunean, eta elkartasuna emakume zein gizonen artekoa denean, orduan iritsiko dira bestelako lirika baterako sasoiak.