Deia

Erabiltzailearen aurpegia Mirentxu LarraƱaga Sueskun

Zeruaren irudi bat. (Freepik)

Mirentxu Larrañaga kolaboratzaileak maiatzeko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Deia'.

Telefono txikia dardarka sumatu nuen berriro poltsaren barrenean, baina ez nion jaramonik egin; baziren bizpahiru egun hoska ari zitzaizkidala ezagutzen ez nuen zenbaki hartatixe. Zenbat holako dei ezezagun antojagarri azkenaldian! Gero, gainera, behingoagatik erantzutera ausartzen bazara –ezein iruzurgilek ez zaituela kikilduko erabakita–, isiltasun mutu batek oihartzun egiten dizu belarrondoan; are gehiago, euskaraz erantzuten baduzu. 

Tira, lehen ere –hasieran, behintzat–, beti izaten ziren ezezagunak urrutiko auskalo zein izkinatatik hots egiteko aukera zuten zortedunen deiak. Ozen aditzen ziren, paretatik zintzilik edo mahai gainean tinko bermatuta zeuden telefono handi haietatik; zerotik bederatzira bitarteko zenbaki-zuloz jositako gurpiltxo bat jirarazita edo zenbaki-tekla batzuk sakatuta zebiltzanez ari naiz. Gure aitak bereizi egiten zituen: orduko haiei "telefono handi" esaten zien; gaur egun poltsan edo patrikan, esku artean edo lepotik zintzilik darabiltzagunei, berriz, "telefono txiki", nahiz eta batzuen batzuk handi askoak izan. Neba-arreboi txiki-txikitatik erakutsia zigun: inork hots egiten bazuen, "Nor da?" galdetzen genuen –aurrerago etorri zen "Bai, esan?" moldea–; guk geuk beste inori hots egin behar izanez gero, "Urlia naiz; etxean al da berendia?".  

Baina natorren harira. Poltsa barreneko dardarizoak ez zuen etenik, eta, jakin-minak jota, amore eman nuen, eta erantzutea erabaki; ordurako, Ane Olaizolak mezu bat bidalia zidan Whatsappera ere, txoko honetan iritzi-emaile moduan kolaboratzeko eske… Udaberri atari-atarian gertatu zen, eta ezezagun horren deiak Larramendi Torreko lorategian harrapatu ninduen; hantxe, "zeruan bezala" sentitzen zen gure aita, hotelaren aurrealdeko paraje zoragarrian, Txalintxo aldera begira-begira, Juin aldetiko pasieraren ostean mokadutxo bat jatera inguratzen ginenetan: urdaiazpiko-tortillaren pintxoa beti, eta kopa bete ardo gorri nafar.

Zirrara erabatekoa sentitu nuen bat-batean: aitaren deia zirudien, inondik ere!

Bada, akorduan eguerdi-pasa gogoangarri haietako bat zebilkidala harrapatu ninduen Aneren deiak. Zelan ezetz esan haren proposamenari? Zelan uko egin erronka ilusio-piztaile halakoari? Zirrara erabatekoa sentitu nuen bat-batean: aitaren deia zirudien, inondik ere! Hil ondorenean berriro amarekin elkartua zelarik, hoska ari zitzaidan goi-goitik, otoi, errelebokako antxintxikaldiari ekiteko, abantada hartu eta aurrera segitzeko. Eta honatx!

Axiriko haize-hegi aspaldikotik alde egin berritan, adi izango zaitugu oraintxe, amaren hilobi-lerroa baino lauzpabost aurrerago, elkarren betiereko zaintzapean, Baldatxoko inguru haizetsuko bake santuan. "Munduko tokirik ederrenean".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide