Eta, hara, aurten ere, iragarki lotsagarri eta iraingarri berberarekin topo egin; bi aldiz lotsagarria eta iraingarria: esaten duena esaten duelako eta euskaraz ere gaizki esana dagoelako.
Aurten, ordea, denda barruko erakusmahaian bakarrik jarri dute. Bihotz-zabal!
Iaz, kale-kantoian ere jarri baitzuten, joan-etorri zebilen edonoren begi-bistan, zutikako arbel horietako batean:
«Maitasunean dena balio du». (Irudian, bihotz bi, marroi eta gorri). «Zure gaileta berezia».
Eta, iaz, sasoi honetantxe, txintxo-txintxo sartu zen dendara, eta hango langileei ohartarazi zien, hain zuzen, bihozgabekeria galanta zela iragarki-oholtxo hartan aditzera ematen ari zirena, gozotik ez zeukala mami-apur bat bera ere; eta, benetan eta arrazoiz ari zitzaiela jabetuta, gozogile nagusiarekin hitz egiteko aukera eman zioten, hitzez hitz eta bihotz-bihotzez azal ziezaion halako ondoeza eragin zion aldrebeskeria burugabe haren berri.
Eta, halaxe, ugazabari berari kontatu zion bere arrangura, eta iradoki ere egin zion bihotz-eritasun hura nola osa zezakeen, eta –afizioz zein ofizioz itzultzailea izaki– gustura moldatuko ziokeela publizitate-lelo erakargarriren bat, hurrengo baterako behar izanez gero ere; Maiteri iruditu zitzaion, nolabait, nagusi jaunak aintzakotzat hartu ziola berak ahalik eta modurik atsegin eta gozoenean gomendatu nahi izan ziona –bat-batean, telefonoz hizketan aritu zirenean, eta, gero, SMS bidez zehatzago azaltzean–; are, hurrengo egunetan, aldatuta ikusi zituen kale gorriko iragarkiak –errotuladorez idatziak zeudenez, ezabatzen ere errazagoak–, ezen ez barrenekoak –koloretako orri kristaldunetan eta bazter batean baitzeuzkaten, ez lehen bezain agerian–.
Aurten, bada, bihotzondoko doblea eman dio, batetik, iazko mina berriz sentitu behar izanak, eta, bestetik, egiaztatzeak kasu zipitzik ere ez ziola egin gozo-dendakoak –zurikeriaz-edo besterik sinetsarazi bazion ere–. Gaizki azaldu zion, nonbait, osabidea: «Maitasunean dena da baliotsua» jarri, eta kito. Nolanahi ere, Maiteri iruditzen zaio ez dela hainbeste kostatzen nork bere hartxintxarra ekartzea, saltzeko modu betierekoak eraldatzen hasteko; zirkinik aldatzeke, dena aldatzeko egongo baita beti, eta alferrekoa izango baita gaurdainoko bide gorabeheratsua berdintzeko ahalegina. Alegia, ez dagoela zertan hain garesti ordainarazi inori, merke-zurrean aldatu nahi ez diren paper-puska ziztrin batzuengatik!
Eta, aurten, bere bihotz zapuztuaren gozagarri, gure gizarte zuri honetako itsukeria kolektiboa ikusgarri egin nahi izan du, hitz zenbaitek dakarten oinazearen kontrako antidoto hauxe baliatuz: Bat, edo lehen urrats: zirt-zart; Bi, zaila ere ez dirudi; Hiru, bazterrak hustu miruz. Lau, otsoak jango ahal hau! Bost, sagar osoari kosk; Sei, ez izan inoren otsein. Zazpi, astindu zango-izter eta besazpi. Zortzi, izar gailenez bete ortzi. Bederatzi, soin eta muin jantzi. Hamar, irainen marmarrari kar-kar.
Nahi duenak eskuragarri omen ditu erreklamazio-orriak.
Maitetasunez!