Ia urtebete pasatu da txupinazoa bota genuenetik. Egia esan, oso polita eta hunkigarria izan ziren unea bera, aurreko omenaldia eta ingurukoengandik jaso genuen babesa eta maitasuna. Egun haietan aipatu genituen familia, lagunak eta hainbat talde, baina gaur, Maxixatzenek eskaintzen didan leiho honetan, bereziki eskertu nahi nituzke euskararekiko jarreraz gain bizitzarako hain baliagarriak izan ditudan balioak eman dizkidatelako.
Familia aipatuko nuke, hasteko. Gure etxean euskaraz bizi gara, noski, baina euskararekin batera mundu ikuskera bat ere jaso dugu: baserri giroari lotua, emakumeon historia eredutzat duena, elkarlana baloratzen duena… Etxean, bestalde, ahizparen eskutik bizi izan nuen Maxixatzenen sorrera eta ahizparen eskutik izan dut Topaguneareni edota euskal komunikabideei lotutako proiektuen berri ere.
Kuadrillak ere izan du eragina. Festarik festa ibilitakoak gara, eta askotan Eganen atzetik; ingelesez sorturiko zenbat abesti euskaratu ote zituzten! Guk behintzat majo gozatu genuen! Kotxean Benito eta plazan Egan… Hori baino plan hoberik!
Lankideak ere aipatu behar ditut. 32 urte daramatzat Floreagan lanean, eta, askok aitortu ez arren, oso garbi dut zer-nolako lana egiten dugun euskararen, euskalduntzearen eta euskal kulturaren alde. Ikastetxean ikasi dut ikasleak hezkuntza proiektuaren erdigunean jartzen eta horren arabera lan egiten (ezarri berri dugun konfiantzaren pedagogia horren azken adierazgarri), baina betiere euskaratik eta euskaraz.
Eskerrak eman nahi dizkiot Maxux Rekalderi ere. Maxuxek bospasei lagun gonbidatu gintuen Agenda Latinoamerikarra itzultzera, eta urte batzuetan horretan aritu ginen udaran. Zenbat ikasi genuen herri mugimenduei, pobreziara eramandako herrialdeei, ekonomiaren botereari, herri indigena eta emakumeon borrokei eta abarri buruz!
Gogoan ditut, halaber, euskararen etorkizunerako ezinbesteko proiektuak zirela sinetsita herrian sortu genituen Egunkariaren eta Berriaren aldeko batzordeak. Han ulertu nuen lan eta ekintza txiki askok proiektu handi bat sortzen dutela eta bakoitzaren ekarpena ezinbestekoa dela.
Erniarraitzek ere izan du eragina. Bertsozale batentzat aparteko aukera da horrelako talde batean parte hartzea. Pribilegioa da hala nola Lazkano, Gorrotxategi eta Laxaroren ahotik bertsolaritzaren historia zuzenean ezagutzea, hain xume eta hain ondo kontatua. Eta pribilegioa lan horretan Ixabelekin eta bertsolari gazteekin aritzea.
Era berean, ez nuke amaitu nahi Sahatsa Dantza Taldea aipatu gabe. Etxean jasotakoaz aparte, Sahatsakoa izan zen euskal kulturarekin izan nuen lehenbiziko lotura. Gozatu nuenaz gain, taldeari eskertu behar diot euskal kulturara hainbeste hurbildu izana: dantzak, doinuak, jantziak, ohiturak, musika tresnak… Ia dena zen berri eta gozagarri 15 urteko gazte batentzat. Han ikasi nuen, neurri handi batean, herrigintzan, taldean lan egiten eta lorpen txiki bakoitza baloratzen.
Egia da zorte izugarria izan dudala nire ibilbidean. Xamar, Joxerra Garzia… euskal kulturan erreferente den jendea ezagutzeko eta beraiengandik ikasteko aukera izan dut. Zerrenda luza nezake, Elkarri, elizako taldeak edota Gutxitasuna duten Pertsonen Kristau Anaidia aipatuz. Denetan ikasi dut ikaragarri. Eta, azkenik, besarkada eta eskerrik beroena gure lana baloratu eta txupinera izateko proposatu gintuztenei. Mila esker eta besarkada handi bat noiz edo noiz kide izan eta gaur egun zaituztedan guzti-guztioi… Oraindik ere prest eta gogoz nauzue ikasten jarraitzeko eta zuekin lanean aritzeko.