Martxelo Otamendi kazetariak eman zion jarraipena atzo Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen Euskaldunon Eskola Udazkenean egitasmoari. Irene Elortzaren galderei erantzunez, euskararen egoerari lotutako saioa eskaini zuen, eta Elkarguneko Oteiza aretoan elkartu zirenek adi entzun zituzten Otamendik Noiz arte diagnostikoak egiten? hitzaldian esandakoak.
Batetik, kezka adierazi zuen azken aldian "euskararen kalterako" izan diren sententziei lotuta, "lotsagarriak" izan direla gaineratuz. Bereziki urte hasieran Laudion egindako epaian egin zuen azpimarra. Langile bat euskara eskakizuna ez betetzeagatik kaleratu zuen Laudioko Udalak orduan, eta Gasteizko epaile baten babesa jaso zuen langileak, udalari kaleratua izan zena berriro kontratatzeko aginduz. Euskara "zaila" delako babestu zuen epaileak langilea. Sententzia hori "euskararen aurkako ekimen larria" izan zela esan zuen Otamendik, baina horren aurrean inolako elkarretaratzerik egin ez izana ere salatu zuen, "erantzun sendorik" eman ez izana "euskararen kalterako" delako.
Bestetik, argi adierazi zuen euskararen eta gaztelaniaren artean tranbertsalitatea lortzea beharrezkoa dela. Horri lotuta "haserretzeko garaia" iritsi dela azaldu zuen, "euskararen aurkako zapalketak gelditu" egin behar direla adieraziz. Halaber, kezka adierazi zuen, esaterako, magisteritza eskolan euskarak duen maila "kaskarra" medio, ikasle horiek izango direlako etorkizunean irakasle.
Datozen hitzaldiak
Urriko datozen bi asteetan osatuko du Maxixatzenek, beste horrenbeste hitzaldirekin, Euskaldunon Eskola Udazkenean egitasmoa. Atzokoa bezala, Elkarguneko Oteiza aretoan izango dira hitzaldi guztiak, 18:00etan. Hau da hitzaldion egutegia:
- Urriaren 18a, asteazkena. Jon Sarasua irakasle eta pentsalariak Euskararen etorkizun-ikuspegiaz izeneko hitzaldia emango du.
- Urriaren 25a, asteazkena. Jone Miren Hernandez eta Jaime Altuna antropologoek Gazteak eta hizkuntz-ondoeza. Azalberritzearen erronka saioa gidatuko dute.