Zer kontatzen du Miñan liburuak?
Ibrahima Balde Gineako migrantearen istorioa kontatzen du liburuak, jaio zenetik Europara iritsi zen arteko istorioa, hain zuzen. Harekin elkarrizketak egiten ibili naiz hilabeteetan, eta haren ahotsean, lehenengo pertsonan, egin dut bere bizitzaren narrazioa. Batez ere, Afrika iparraldetik Euskal Herrira zergatik eta nola iritsi zen dago jasota liburuan. Informazio hori gugana iristen ez den informazioa izan ohi da, nahiz eta Mediterraneoan jazotzen diren gertakariak ere erruz iristen zaizkigun.
Nola ezagutu zenuen Balde?
Ezagutu nuenean, Irungo Harrera Sarean (Gipuzkoa) nenbilen boluntario lanetan, ahal nuenetan laguntzen. Egun horietako batean ezagutu nuen Ibrahima. Goizetan, geltokiz geltoki eta mugaertzez mugaertz, Irungo kaleetan barna ibiltzen dira Harrera Sareko kideak, migranterik iritsi ote den ikusteko eta norbaitek laguntzarik behar al duen identifikatzeko. Irungo tren geltokian ezagutu nuen Ibrahima. Normalean handik hasten da Harrera Sareko kideek egiten duten eguneroko itzulia, eta egun hartan iritsi berri ziren hamabost lagun topatu nituen bertan. Migrante horietako bat zen Ibrahima. Orduan ezagutu genuen elkar. Ezagutu bezain pronto hasi zen niri laguntzen.
Nola garatu da bion arteko harremana?
Irunera iristen diren migrante gehienak –ia denak– Ipar Euskal Herrira edo Frantzia aldera igarotzen dira. Duela bi urte, ordea, migrante gutxi batzuek Euskal Herrian edo Espainian gelditzea erabaki eta asiloa eskatu zuten. Asiloa eskatzen zuten horiei guztiei elkarrizketak egiten nizkien Harrera Sareko kide nintzelako. Asiloa eskatzen duten lagunek elkarrizketa bat pasatu behar izaten dute komisaldegian, eta ordurako prestatuta egoteko nahiz buruan ideiak antolatuta izateko egiten nizkien elkarrizketak haiei, baita geuk etorkinen istorioak sakonago ezagutzeko ere. Horrela egin nion aurreneko elkarrizketa Ibrahimari. Berehala nabaritu nion gauzak kontatzen jarraitzeko grina zuela. Askotan, ez da jakiten zergatia azaltzen, baina ohartzerako konplizitateak harrapatu gintuen. Asiloaren prozedurarako elkarrizketak egiten genbiltzanez, askotan elkartzen ginen, eta konturatzerako lagun arteko harreman polita sortu zen bion artean. Banekien istorio berezia zela Ibrahimarena, eta hark bizipenak kontatzeko zuen modua ere oso berezia zela iruditu zitzaidan. Hori dela eta, bere bizitzaren istorioa lantzen jarraitzeko proposamena egin nion.
Baldek hitz eginez kontatu du bere istorioa, eta zuk izkiriatu duzu. Nolakoa izan da sormen prozesua eta nolakoa esperientzia?
Sormen prozesua baino gehiago, kontakizun eta antolaketa prozesua izan da burututakoa. Dozena inguru elkarrizketa egin nizkion Ibrahimari, eta transkripzio lan luzea egin behar izan nuen. Horren ostean hasi nintzen gainerako guztia antolatzen: idatzitako testuetatik zatiak aukeratzen, puskak elkarrekin josten, eta batez ere, testuari zegokion tonua ematen. Izan ere, Ibrahimak modu gordinean kontatzen zizkidan gauzak, eta gordintasun horrek estilo eta nortasun handia zituen. Uneoro saiatu naiz estilo horri eusten eta estilo hori islatzen, baita ahots hori euskarazko hitzekin azaltzen ere. Horregatik, itzulpenean badago sormen pixka bat, euskaraz idazterakoan diskurtsoa zertxobait berreraiki behar delako. Idatzitakoa laburtzen denbora asko eman nuen, kontakizun guztia idatzitakoan konturatu bainintzen nire eskua ere nabari zela narrazioan. Hilabeteak pasatu ditut pixkanaka nire burua testuetatik ateratzen saiatzen.
Ikasi ere egingo zenuen…
Niretzat esperientzia zinez aberasgarria izan da, eta ikasketa bide bat ere bai. Migranteekin harremana eraikitzerakoan kontuan hartu behar diren gauzez jabetzeko balio izan dit; finean, harremanak eraikitzen ikasteko, baita pertsona oso interesgarriak ezagutzeko ere. Idazketari dagokionez, bestelakoa izan da esperientzia: idazten, literaturaren munduan hariak josten, orekatzen eta gauzak gordinegi ez uzten ikasi dut. Prozesua kezka eta ahalegin etiko eta estetiko baten arteko dialektika bat izan da, baina oso aberasgarria.
Herritarrek zergatik irakurri behar lukete liburua?
Gure herria zeharkatzen duen errealitate bat da migranteena. Gaur ere etorkinak iritsi dira gure herrietara, eta iristen jarraituko dute bihar eta etzi ere. Gure herria ez ezik, gure bizitza zeharkatzen duen errealitatea da haiena, hemengo oinarriak ere lotuta baitaude Afrikako egoera ekonomikoekin eta sozialekin. Beraz, nahitaez gu ere bagaude istorio horren barruan. Zenbaki abstraktuen bidez iristen zaizkigun errealitateak pixka bat sakonago ezagutzeko aukera ematen du liburuak, eta gaiaren gaineko ardura eta jakin-min pixka bat dutenek gustura hartuko dute lana. Bizi garen munduan korapilatuta gaude, eta korapilo horiek askatzeko garrantzitsua da sentsibilizazioa eta kontzientziazioa. Horregatik animatuko nituzke herritarrak liburua irakurtzera.
Maialen Etxanizek Urola Kostako Hitza egunkarirako Amets Arzallusi egindako elkarrizketa, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko komunitateko orri honetara ekarrita.