Gerra garaiko emakumeen lekukotza gogorrak izan ditu hizpide Gurrutxagak

Ekaitz Etxezarreta moderatzailea eta Amagoia Gurrutxaga hizlaria.

Maxixatzenek antolatutako Maiatzeko Loren baitan, Amagoia Gurrutxaga kazetari eta idazleak hitzaldia eskaini du, Gerra gauza alua da izenburupean. Gurrutxagak Gerra Zibil garaiko eta osteko testigantzak eta agiriak izan ditu ardatz, hainbat argazki zahar erakutsiz.

 

2017an 36ko gerrari buruzko Zarauzko gutunak. 36ko gerra liburua argitaratu zuen. 2001ean elkarrizketak egiten hasi zen, eta horren emaitza bat izan da liburua. «Bizipen horiek ezagutzea historia idazteko eta ulertzeko funtsezkoa da; horregatik guztiagatik, garai horiek bizi izan zituztenen bizipenak azalaraztera beharrezko zeregina da. Bizipen horiek gabe memoria osatu gabe geldituko delako» esan du Gurrutxagak.

Hamaika testigantza jaso ditu Gurrutxagak, eta «askok eta askok diote beraiek edota beraien gurasoak beldurrez bizi zirela. Izan ere, jendea hil egiten zuten, herritik botatzen zituzten, desjabetu egiten zituzten, abertzaleen eta ezkertiarren senideak sozialki birrindu egin zituzten, gizonak herrira itzultzen zirenean jipoitu egiten zituzten… Hori zen beraien funtzionamendua. Erabateko inpunitatea zegoen, eta giro horrek askori eta askori eragin zien».

90 urtetik gorakoen zerrenda bat osatu beharko litzatekeela uste du Gurrutxagak, eta sistematikoki herriz herri elkarrizketatu eta gorde. «Ez dadila gertatu hemendik urte batzuetara hilda daudela esatea», dio Gurrutxagak. «Eman dezagun egia ahal dugun osatuena eta kontrastatuena. Justizia, epaile baten aurreko hori, inposiblea da, amnistia lege bat dagoelako indarrean eta gehienak hilda daudelako, baina gutxienez aitor diezaiegun gertatutakoa ahoz gora eta publikoki kontatzeko eskubidea».

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide