-Datorren astelehenean. Arratsaldean izango da; lehenengo orduan.
-Ongi. Orain, galdera bat egin behar dizut, eta egia erantzun behar didazu. Seguru al zaude kontakizun hori irakurri nahi duzula jende aurrean?
-Bai, aita. Seguru nago.
-Orduan, jakin behar duzu balitekeela jendeak zure istorioa ondo ez hartzea. Gai hori askorentzat ulertezina da zeharo. Ez zaie buruan sartzen. Gehienentzat, euria lurretik gora erortzen dela esatea bezala da. Ulertzen?
-Bai, aita. Badakit. Baina irakurri egin nahi dut.
-Hala bada, jakizu eskolako lagunen gaitzespena jasotzeko prest egon behar duzula. Beharbada, irakasleak berak ere barre egingo du. Era guztietako irainak jasan ditzakezu. Hori gertatzen bada, zuk gorrarena egin eta kito. Ados?
-Baietz, aita.
-Gezurtia esaten badizute, edo horrelako zerbait, niri txikitan esan zidaten antzera, zuk ez egin negarrik. Onartu jendearen jarrera, eta ez egin kontrarik; ados?
-Bai, aita. Nahikoa da. Utzi hori behingoz eta segi kontatzen. Amaiera falta zaizu. Eta oraingoan, gogoratu azken telefono-deiarena, atzo ahaztu egin zitzaizun eta.
-Kar-kar-kar! Apareju ederra hago hi! Ondo da.
Antzinako oroitzapenez gainezka nengoen. Ez hori bakarrik; egunak ematen nituen oroitzen, etengabe, arima eta burua bera unatuta izan arte. Nire barne osoa iraganak hartua nuen, sukarrak gorputz osoa hartzen dizunean bezala. Aurki ezin izan nuen gehiago, eta iragarkiaren grabaketa erdian isuri nuen guztia. Barre egin zuten denek.
-Honek zeukak irudimena, honek!
Berriz esan nien benetan bizi izan nintzela baserri hartan; iragarkiaren gisako baserri horretakoa nintzela jatorriz, eta askoz zehaztasun gehiago esan eta aipatu nizkien, bai haiei eta bai entzun nahi zuen orori. Egia esaten ari nintzen. Edonola ere, denak nazkatu nituen nire azalpenekin.
Baina, horretan tinko tematzen nintzela ikusita, eta, batik bat, entzunda baserriko ezaugarri, kontu, zirrikitu eta gauzak nola kontatzen, nola deskribatzen, nola azaltzen nituen, zeharo harritu ziren; lana bertan behera laga zuten, eta etxera eraman ninduten.