Udaberria zen, basoa loretan zegoen, eta haizeak loreen usaina ekarri zuen atetik. Eguzkiak gure itzalak luzatu zituen, eta su gainera erori ziren, ur-putzuan pikuak erortzen diren bezala. Sua liluragarri zegoen.

Amona kantu zahar bat abesten hasi zen orduan, eta gure amari eman zion eskua. Estu heldu zion amak, eta amona isildu orduko, hark jarraitu zuen kantari. Kantua apenas uler zitekeen; hitzak baino gehiago, oihu zaharrak ziruditen; baina ikaratu egin gintuzten. Beldurtzen hasita, anai-arrebok, lehengusu-lehengusinok, multzo batean bildu ginen, zer gerta ere. Sua gero eta biziagoa zen.

Ni dardaraka nengoela, ohartu nintzen baserria ere ikara batean zegoela: benetako lurrikara zen hura. Apaletatik gauza mordo bat erori ziren, eta batzuk apurtu ere bai lurraren kontra. Hormetako harri zaharrei odolaren moduko ur-gorria zerien artean. Une hartan, gazteenok pentsatu genuen hobe izango zela kanpoan egon. Baina haizeak, asmoa irakurri izan baligu bezala, atea eta langa itxi zizkigun gure atzean.

-Beldur naiz -esan nion arreba nagusiari.

Bat-batean, “Moztu!” entzun nuen. Telebistako langile bat zen, eta oraingo garaietara itzuli nintzen berriro.

Orduan gogoratu nuen iragarki bat grabatzen ari nintzela, ni hautatu nindutela mutikoarena egiteko. Orduan gogoratu nuen gure amak casting batean apuntatu ninduela. Orduan gogoratu nuen, seme maitea, orain arte kontatu dizudana, eta, azkenik, jabetu egin nintzen hura guztia benetan bizi izan nuela.

Iragarkiko baserri zahar horretan, horrelako dekorazio batekin, hala jantzita, efektu berezi artean eta halako musika eta kantu haiekin... zera, esnatu egin nintzen, beste bizitza batean, ordea. Eta ez zitzaidan bitxia iruditu, gainera.

Beraz, iragarkia egiteak oroitzapen ugari gogorarazi zizkidan. Are gehiago eta harrigarriago izan zen, ordea, egunak iragan ahala, irudi eta pasarte gehiago etortzen zitzaizkidala burura. Eta ez zitzaizkidan bitxiak iruditzen. Baina, aurrera egin aurretik, seme, gauza bat esango dizut.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide