Aitak, aizkorak, zorroak eta labanak pasatu zizkidan. Gero, bi gizonen artean hartu zuten gorpua, eta bizkarrera eraman zuen osabak. Errekara abiatu zen gero, kontu handiz. Ni aitarekin geratu nintzen, adi-adi. Orduan, zorro handia eskatu zidan.

Barrutik zahagitxoa atera zuen, lokarria askatu eta inguruan bota zuen isurkaria. Aireari usnaka, berehala ohartu nintzen hura piztia baten txiza zela. Jarraian, animalia baten hanka moztua atera zuen zorrotik. Hurbildu egin nintzaion hobeto ikusteko. Lehortutako hartz baten oina zen, ikaragarri handia, animaliari orkatilatik gora moztua. Hartz-oina ondo kokatuz, hainbat urrats markatu zituen lurrean; gero, zenbait adar hautsi eta landare zapaldu zituen. Atsedenik hartzeke, gertuko enbor batean gora apur bat igo zen gero, eta arbolari azal zati bat kendu zion. Ondoren, zuritutako gunea igurtzi zuen hartz-larruarekin, eta guztia gorde zuen zorroan. Lepotik zintzilikatu zidan, eta jarraian gure urratsak ezabatu zituen. Amaitu zuenean, erreka aldera abiatu ginen poliki. Hantxe topatu genuen osaba, leher eginda, gure zain. Aitak jaso zuen orduan hilotza, eta gorantz jo genuen. Aldika, bata nekeak jotzen zuenean, besteak hartzen zuen gorpua. Nik atzetik jarraitzen nien hitzik eta zaratarik egiteke. Gorpua aurkitutako lekutik urruti samar ginela iritzita, osabak eta aitak gertuko harkaitz arteko leize ezagun batera bota zuten zerraldoa. Bota orduko desagertu zen ilunpean. Nik sekula ikusitako zulorik sakonena zen hura. Hain zen iluna eta beltza, ezen Ama lurraren barruraino iritsiko zela baitzirudien; hondora begiratzeak ere beldurra eragiten zuen.

Une hartan, aitari esan nion niretzat gorde nahi nuela gizon haren gerrikoa eta aiztoa. Gerrikoa larruzkoa zen, oso polita, eta irudi landu bitxiak zituen. Aiztoaren kirtena ere oso landua zen, bi aho txit zorrotzekoa. Aitak berehala ihardetsi zidanez, ezinezkoa izango zen, gizon haren gauza guztiak bota behar baikenituen leizera, nahitaez, haietako batzuk baliotsuak izanik ere. Zergatia galdetu niolarik, onez azaldu zidan egunen batean erromatarrak azaltzen baziren, eta gizon haren jantzi edo osagarriak ikusten bazizkiguten, kukuak jo baino lehen garbituko gintuztela. Hala, goibel, oso goibel, bota nituen leize hartara erromatarraren puska guztiak.

Iluntzen hasia zen, eta itzalak luzatzen ari ziren basoan. Etxerantz abiatu ginen, astiro badaezpada. Bidean aitari galdetu nion zergatik ezkutatzen ginen erromatarrengandik beti. Orduan, azaldu zidan inoiz gu topatzen bagintuzten berehala hilko gintuztela, beharbada morroi hartuko, edo, onenean, gure lurretik eta baserritik botako gintuztela, inoiz gehiago ez itzultzeko, den-dena kenduta. Baina, osabaren ustez, horixe izango zen guretzat txarrena, ezbairik gabe; gurean gelditzen baziren, ez ginelako berriz aske izango inoiz. Aitak serio begiratu zidan, oso serio, eta eskua nire burura eramanez, halaxe bota zidan:

-Lasai, seme. Ni bizi naizeino ez da halakorik izango.

Baina, noski, horixe guztia eta gehiago gogoratu nuen gero, askozaz ere geroago, noiz eta ondorengo hau gertatu eta gero: 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide