Heldu ginenez geroztik hantxe bizi ginen, baso erdian, muino bateko zirrikitu ilun ospel batean. Hantxe zegoen, izan ere, gure bizitoki berria; edo zaharra, aita-amek ziotenaren arabera. Muino handia esaten zioten haiek.

Eraikuntza berezia baserria baino gehiago zen. Azkar sumatu genuen ez geundela besteren etxean, lehenagotik sekula ikusi ez bagenuen ere. Gure arbaso zaharrenen bizitokia izan omen zen. Eta halaxe behar zuen. Izan ere, gure amek esan zigutenean gure arbasoen izpirituak bertan zirela, berehala baietsi genuen guk, barrura sartu ginen aurreneko egunean horixe bera nabari baikenuen neskato-mutiko guztiok. Hormen arteko giroak laztandu bagintu bezala sentitu ginen. Ongi etorriak sentitu ginen, onartuta, ez ginen arrotz sentitzen.

Bai, baserri zahar hura gure alde zegoen. Bere hormak eta harriak lagun genituen. Barruko izpirituek babesa bermatzen zuten, gure ametsen zaindariak ziren, eta baita neska-mutikoon jolas-begiraleak ere. Harri sendo haiek beroa barruan mantentzen zuten. Gauez egur-zaharren soinuek kulunkatu egiten gintuzten eta egunez eginkizun xumeen lantokia zen. Inguruan, txoko eta zirrikitu ugari zegoen aukeran, gure jolasetan irudimena askatzeko. Ez ginen oso urruti ibiltzen, beti elkarrekin. Eta etxeak beti abisatzen zigun arriskuren bat zegoenean, ulertzen ez genuen moduan, bat-bateko isiltasuna egiten baitzen airean eta atea berez bezala zabaltzen baitzen, gu ahalik eta azkarren barrura gintezen.

Gure bizimodua, oro har, oso lasaia eta alaia zen. Udaldietan ura hartzeko putzua zegoen, eta ubidean behera, ehiza garbitzeko egur-putzuan, zapaburuak harrapatzen edo etxeko hormetan sugandilak atzematen ematen genituen aisialdiak. Su-egunean errekan  ahaide guztiok plisti-plasta ibiltzen ginen. Oso alaia zen. Udazkenetan, aldiz, egurra, fruitu lehorrak eta udazken loreak biltzen ematen genituen arratsak. Neguko elurraldian, berriz, txori harrapaketan, errekan arrantzan ikasten, txerri-hiltzean laguntzen eta sutondoan kondairak entzuten igarotzen ziren egunak. Udaberrian amari laguntzen genion hamaika belar eta lore biltzeko lanetan, eta kanpoan txerri-abarkak eta oihal eta larru berriak lantzen ikasten genuen, handitzen ari ginen eta.

-Baina, baina, nola hazi diren lumarik gabeko txita hauek! -esaten zigun amamak.

Hala ere, bizileku genuen muino-zuloa bera zen ezaugarririk nabarmenena. Inguruan ez zen ageri ez biderik, ez herririk, ez kerik, eta gertueneko baserria egun erdira zegoen. Eguzkia zeru goian egon aurretik ez zegoen bidaia egiterik oilarraren kantuarekin batera abiatuta ere. Hain zen hertsia basoa! Eta halaxe komeni zitzaigun guri.

Behin, aita agertu zen izerditan, arnasestuka, eta osabari laguntza eskatu zion berehala. Haiekin joateko agindu zidan gero, hainbat zorro, larru, tramankulu, eta arma soinean hartuta. Ehizara abiatuko ginela uste nuen, baina oker nengoen. Ez ohiko urduritasuna zerabilela ikusita, kezkatu egin nintzen. Aita ez zen gizon kakatia, eta beldurrak airean zegoen orduan. Gainera, keinuz adierazten zion dena osabari, eta katuak baino arinago zebilen hotsik ateratzeke. Laster sumatu nuen benetako estualdia zela hura.

Gertu, oso gertu zegoen toki batera eraman gintuen. Iristean gizon bat lurrean ikusi genuen, odoletan. Aitak ehiza bila zebilela begiztatu zuen arrotza. Atzerritar hura erromatarra zen. Sekula ez zuen erromatarrik hain gertutik ikusi. Neuk ere ez. Arriskuan geundela iritzita, erasora jo zuen aitak berehala. Aldez aurretik ziurtatu zuen, noski, haietako beste inor ez zegoela inguruan. Eta halaxe zirudien, gure onerako. Bakarrik zegoen, bai, eta hura ez zen ohikoa. Horrek esan nahi zuen gizon hura seguru sentitzen zela gure eremuetan, ez zuela gure berririk. Eta aita indartsua zen gero! Berehala akabatu zuen.

Hurbildu egin nintzaion, jakin-minez. Osabaren ustez, odoletan zerraldo zegoen gizona ez zen gudaria. Hura herritarra zen, kolonoa edo. Aitak azaldu zidanez, erromatarrek lurralderen bat menperatu ondoren, horrelako kolonoak bidaltzen zituzten gero, herriak sortu eta eraikitzera. Gizon hark, nonbait, errekan gora jo zuen bazterrak miatzeko asmoz. Osabaren ustez, urre bila zebilen eta horrexegatik zegoen bakarrik; izan ere, dirudienez, erromatarrei izugarri gustatzen zaie urrea, eta edozer egiteko gai omen dira hura lortu ahal izateko. Aitaren kezka zen baten batek jakingo zuela hona etorri zela gizon hura, eta, lehenago edo beranduago, etorriko zirela beste batzuk haren bila.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide